Euskarabentura espedizioa Arabatik igaroko da uztailaren 10etik 14ra

Erredakzioa 2022ko eka. 2a, 18:30
Euskarabentura espedizioaren aurreko edizio bat. / Argazkia: EUSKARABENTURA

Atzera kontaketa hasi du Euskarabentura espedizioaren orain arteko ediziorik jendetsuenak. Uztailaren 1etik 31ra, 128 gaztek euskararen lurraldea zeharkatuko dute oinez, baita Araban ere: hilaren 10ean Añanatik sartu eta 14an irtengo dira Lautadatik.

Pandemiaren ostean, normaltasunera itzuliko da Euskarabentura egitasmoa. Datorren uztailaren 1etik 31ra bitartean, 2005ean edo 2006an jaiotako 128 gaztek —20 arabar, 37 bizkaitar, 37 gipuzkoar, 7 lapurtar, Nafarroa Garaiko 28 lagun eta Nafarroa Behereko bat— Euskal Herria luze-zabal zeharkatuko dute, Mauletik Getxora 31 etapa eta 700 kilometroko ibilbidea egiteko.

Kamiseta laranjadun Jzioquitarrekin batera, urdinez jantzitako 30 lagunen lantaldea osatuko dute begiraleek, mediku zein erizainek, koordinatzaileek, eta komunikazio nahiz logistika arduradunek.

Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura ondasun eta ondasun historiko zein kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Hilabeteko ibilbidean 35tik gora herri eta hiritik igaroko da espedizioa, tartean Arabatik, uztailaren 10etik 14ra bitartean:

  • Uztailak 10: Lizarratik Donemiliaga Kukulara. Yuso eta Susoko monastegiak bisitatu Errioxan (euskaraz idatzitako aurreneko glosak), eta handik Añanara, autobusez. Araban sartu bezain pronto, Añanako gesaltzak ezagutuko dituzte.
  • Uztailak 11: Añanatik Argantzonera (18 kilometro). Arabako Foru Aldundiko ordezkarien eta Añanako alkatearen bisita instituzionala.
  • Uztailak 12: Argantzonetik Gasteizera (17 kilometro).
  • Uztailak 13: Gasteizetik Araiara (18 kilometro). Bertso-rap saioa.
  • Uztailak 14: Araiatik Zerainera (21 kilometro). Gipuzkoan sartuko dira San Adriango kobazulotik. Ondoren, afari mundiala Zeraingo herritarrei esker.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide