Eskubide Sozialen Kartak pobretzearen aurka kalera ateratzeko dei egin du

Erredakzioa 2022ko mai. 25a, 12:25

Maiatzaren 26ko mobilizazioak iragartzeko agerraldia. / Argazkia: LAB

Maiatzaren 26an, ostiralean, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da Eskubide Sozialen Kartak Gasteizen deitutako manifestazioa. Pobretzearen aurrean, energia publikoa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatuko dituzte.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aldi bereko lau mobilizazio deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan ostiralerako, maiatzaren 26rako, 19:00etan; Gasteizkoa Andre Maria Zuriaren plazatik irtengo da. Bizitza duinak ez du preziorik! Pobretzearen aurrean, energia publikoa eta aberastasunaren banaketa izango da mobilizazioen leloa.

Besteak beste, prezioen igoera salatuko dute, inflazioaren jatorria "egiturazkoa" dela salatuz. Bitartean, "sistema publikoa eraisten" ari direla eta "biztanleriaren zati gero eta handiago bat energia pobrezian murgilduta" dagoela ohartarazi du plataformak.

"Milaka langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeek, pobreziaren atalasearen azpitik diru-sarrerak dituzte egun", ohartarazi du Eskubide Sozialen Kartak. "Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta, beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen, langile eta herritarron erosteko ahalmena erasotuz".

Aldarrikapen taula

Horren guztiaren aurrean deitu dituzte ostiraleko mobilizazioak, "soldaten, pentsioen eta gizarte prestazioen erosteko ahalmenaren" defentsan eta "krisia kapitalak ordain dezan, eta ez gehiengo sozialak". Eskubide Sozialen Kartaren ustez, "bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da, langileon bizitza eta planeta erdigunean jartzeko".

Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek aldarrikapen taula bat adostu dute, mobilizazioetan aldarrikatuko diren neurri zehatzak jasotzeko:

Langileon eros-ahalmenari eusteko

  • Soldatak eta pentsioak: gutxienez KPI errealaren igoera.
  • Produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatu.

Energiarako eskubidea bermatzeko

  • Energiarako eskubidea bermatzeko, energia sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta soziala.
  • Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kendu.
  • Trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bide-orria.

Zerbitzu publikoen defentsan

  • Zerbitzu publikoen eraispena gelditu eta hauek garatu:
    • Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza beharrak beteta izan ahal izateko.
    • Osasun zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea.
    • Hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz, besteak beste.

Babes sistema hedatu eta sakondu:

  • Kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala: eskubide subjektibo erreala bermatu, alokairuaren prezioa mugatu, parke publikoa handitu eta etxegabetzeak gelditu.
  • Pentsio sistema publikoa indartu.
  • Bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartu.

Aberastasunaren banaketaren alde

  • Zerga erreforma egin. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu.
  • Zorrari dagokionez, herritarren zorraren auditoria egin behar da.

Burujabetzaren bidean

  • Burujabetzan aurrera egin. Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa eta abar sustatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide