Zabalik da Gazte Sortzaileak bekaren 2022ko deialdia

Erredakzioa 2022ko mai. 5a, 18:17
2021ean aukeratutako artistak izan dira gaurko prentsaurrekoan. / Gasteizko Udala

Gazteen sorkuntza onenek aholkularitza profesionala eta 4.000 euroko saria jasoko dute.

Gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea helburu duen Gazte Sortzaileak bekak edizio berria du abian, 17 eta 35 urte arteko gazteentzat zabalik. Proposamen onenek aholkularitza profesionala eta 4.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jaso ahal izango dituzte proiektua garatu  ahal izateko. 

Adinaren arabera, bi kategoria daude. Ideia artistikoa duen edozein gazteri forma eman diezaion eta taulara dezan laguntzea da helburua. Ideia gauzatzeko, 4.000 euro arteko laguntza eskaintzen da eta, horrez gain, lan egin beharreko eremuko profesional baten tutoretza izateko aukera. Programa gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Iñaki Gurtubai alkateordea eta Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugarte. Euskara zinegotziak gonbidapena egin die "Arabako sortzaile guztiei proiektuak aurkez ditzaten; proiektuak ikus-entzunezko eremuarekin, antzerkiarekin, musikarekin, bertsolaritzarekin, bakarrizketekin, poesiarekin edo performanceekin lotuta egon daitezke". Lexuri Ugartek, bestalde, "Araban, euskaraz sortu, euskal kulturari hauspoa eman eta gazteria eta kultura binomioa aldarrikatzeko aukera polita da Gazte sortzaileak beka”, esan du.

Ekitaldian izan dira 2021eko edizioan aukeratutako artistak ere: Iker Agirre, Alejandra Bueno, Aitor Vinagret eta Aitor Anda; beren proiektuak ezagutarazteko aukera izan dute guztiek. Ikus-entzunezko Goizetik Neke (Iker Agirre), Plazak Plazara! (Aitor Anda) eta Ezohikoak (Alejandra Bueno) piezak eta Kokito eta India (Aitor Martinez Vinagret) ikuskizuna, hain zuzen ere. Gaur goizean, gainera, Aitor Alvarezek (aurreko edizio batean aukeratutako beste bat) egindako bideo bat erakusteko aukera aprobetxatu dute, Gazte Sortzaileak ekimenaren funtsa oso ondo jasotzen baitu.

Lanak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 15era arte egongo da zabalik, eta Gasteizko Udaleko Erregistro Orokorrean —Teodoro Dublang Margolariaren kaleko 25.ean— edo gizarte-etxeetako herritarren arretarako bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira. 2015etik, Arabako 26 gaztek sustatu dituzte mota bateko edo besteko beren proiektu artistikoak beka hau baliatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide