Goraka ari dira delitu larrienak

Juanma Gallego 2022ko api. 7a, 06:00
Txosten batean, udaltzaingoek eta Ertzaintzak iaz ikertutako delituen berri eman du Segurtasun Sailak. IREKIA

Iaz egindako delituen berri eman du Segurtasun Sailaren txosten batek, eta bertan jasota dago Araban beheranzko joera dagoela. Halere, joera hori kontrakoa da delitu larrienei dagokienez. 

Iaz Araban egin ziren delitu kopurua aurreko urteetakoa baino txikiagoa izanda ere, delitu larrienek gora egin zuten, Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak argitaratutako txosten baten arabera.

Zenbaki nagusienei erreparatuta, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 16.049 delituren berri izan zuten iaz. Zenbaki hori 2020an jaso zen delitu kopururik oso gertu dago: 16.698. Baina alde nabarmena dago 2019an jasotakoekin alderatuta: urte horretan 19.405 izan ziren. Hortaz, 2019. urtearekiko delitu portzentajea %17,3 jaitsi da.

Gasteizek duen pisu demografikoa aintzat izanda, hiriburuaren zifrak gutxi gorabehera bat datoz joera horrekin, eta udalak hori nabarmendu nahi izan du gaiaren inguruan argitaratutako prentsa ohar batean. Bertan azpimarratu nahi izan dute Gasteizek "eutsi egin" diola "delituen kopuruaren beheranzko joerari". Hala, hiriburuan delituak %5,5 jaitsi dira 2020ko datuekin alderatuta, eta 2019. urtearekiko, berriz, %13,4. Gasteizen 2021ean Ertzaintzak 8.341 delituren berri izan zuen, eta Udaltzaingoak, 4.876. Hala, bi polizia erakundeek 13.217 delitu ikertu zituzten.

Hiriburu "seguruena"

Hiri Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutierrezek adierazi du datuek berresten dutela Gasteiz "Euskadiko hiriburu seguruena dela, eta seguruenetako bat Espainian". Zinegotziaren aburuz, "balioa eman" behar zaio "Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ekintza komunari" delitu horiek prebenitzeko eta argitzeko.

Bai Gasteizen zein gainerako lurraldean –Trebiñuri buruzko datuak falta dira–, horietako delitu gehienak Ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak izenpean sailkatutakoak dira. Horiek delituen hiru laurden inguru suposatzen dute, eta gehienbat indarra edo mehatxua erabilita egindako lapurretak zein ebasketa txikiak jasotzen dira kategoria horretan.

Pertsonen aurkako delitu larrienetan, baina, ez dago poztasunerako tarte askorik. Hilketari lotutakoen artean, Araban 11 delitu jaso ziren iaz. 2020an bederatzi izan ziren, eta 2019an, berriz, bost. Horietatik bi homizidio mingarriak izan ziren; hots, nahita pertsona bat erail nahi den delitu mota. Biak ala biak Gasteizen gertatu ziren: iazko otsailean 27 urteko gizon batek 18 urteko gizon bat hil zuen Flandria kalean, bihurkin bat birikian iltzatuta. Urrian, berriz, gizonezko batek emaztea hil zuen, Sansomendin.

Sexu erasoek ere nabarmen egin dute gora azken hiru urteotan: 2021ean mota honetako 30 delitu jaso ziren. 2020an 28 izan ziren, eta 2019an, berriz, hemezortzi.


Kripanen, zero

Arabako gainerako datuei dagokienez, 2021ean Kripan izan zen deliturik izan ez zuen udalerri bakarra: Ertzaintzak bederen ez zuen izan bertan inolako arau husturaren berri. Aurreko urtean ere ez ziren asko gertatu: lau izan ziren.

Dena dela, halako herri txikietan esanguratsuagoa da delitu tasa 1.000 biztanleko. Horren arabera, Samaniego, Ekora, Armiñon eta Berantevilla dute emaitzarik txukunenak, horietan guztietan kriminalitate tasa 20 baino gutxiagoa izanik. Gasteizen, berriz, tasa hori 33 inguruan kokatuta dago, baina horretan soilik bilduta daude Ertzaintzak jasotako delituak. Taularen goiko aldean, berriz, Arratzua-Ubarrundia (86), Moreda Araba (71) eta Navaridas (61) daude. Dena dela, Segurtasun Sailak emandako datu estatistiko horiek ez dute delitu motak bereizten udalerri txikietan, eta, hortaz, ez dago jakiterik zer motatako lege hausturak izan diren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide