Arabako egoitzetako langileak greban: "Txalo gutxiago eta negoziazio gehiago"

Erredakzioa 2022ko mar. 30a, 13:20

Grebara jo dute gaur Arabako egoitza pribatuetako langileek, negoziazioen "blokeoarekin" amaitzeko. %100eko zerbitzu minimoekin ere, protesta eraman dute Gasteizko kaleetara. Hiru urte daramatzate lurraldeko hitzarmen baten alde borrokan.

ELA eta LAB sindikatuek deituta, martxoaren 30ean greba eguna izan dute Arabako adinekoen egoitza pribatuetan, negoziazioen "blokeoa" amaitzea eta langileen "baldintza prekarioekin" amaitzeko hitzarmena exijitzeko.

Zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" direla salatu dute sindikatuek —%100ekoak izan dira—, baina, hala ere, Plaza Berrian hasi eta Aldundiaren aurrean amaitutako protesta "esanguratsua" izan dela azpimarratu dute. "Isilarazi nahi gaituzte. Gutxi izango gara atera ahal garenak, baina kalean jarraituko dugu gure eskubideen alde borrokatzen", adierazi dute.

Hiru urte baino gehiago luzatu da dagoeneko gure lurraldeko egoitza pribatuetako lan gatazka. Hasieran, sektoreko lehen hitzarmen probintziala lortzeko negoziazio mahaia sortzea eskatzen zuten langileek; orain, patronala eratu eta irailean negoziazioak hasi ostean, "etengabeko blokeoa" salatu dute sindikatuek.

"Patronalak bere plataforma eskas eta prekarizatzaileari eutsi dio, eta plataforma hori erabiltzen ari da negoziazioa blokeatzeko, ez baitizkie Arabako adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langile guztiei lan baldintza duinak bermatzen, eta Bizkaiko edota Gipuzkoako lan baldintzen azpitik kokatzen ditu", kritikatu dute.

Egoera horren aurrean, langileen ordezkaritza zabala duten bi sindikatuek mobilizazioa eta protesta dinamikak berriro aktibatzea "ezinbestekotzat" jo dute. Azaldu dutenez, patronalaren proposamenaren arabera, langileen hileko soldata 1.220 eurokoa —"KPIaren inolako bermerik gabe"— izango litzateke hitzarmena amaitzerako, hau da, 2026rako; gainera, 1.742 orduko lanaldiarekin jarraitzea "gehiegikeria garbia" dela salatu dute.

"Ez dugu onartuko sektoreko 1.000 emakume langile baino gehiagoren bizitza hobetzen ez duten baldintza horiek", ohartarazi dute langileen ordezkariek. Langileen proposamena egoera hori "iraultzea" da: kategoria guztietan %50eko igoera, KPIa (2022rako) eta sektoreko langile guztien erosahalmena bermatzea. Gainera, 2022rako 200 orduko jaitsiera izatea nahi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide