Iraupen luzeko zainketak garatzeko estrategia berria aurkeztu du Aldundiak

Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 19:58

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, ekitaldian. / Argazkia: AFA

Arabako Diputazioak bi jarduera ildo eta lau proiektu aurreikusi ditu iraupen luzeko zainketei begira: alde batetik, etxean jarraitu nahi duten pertsonei zuzendutako Etxean Bai eta Araba a punto planak; bestetik, egoitza arreta behar duten pertsonei zuzendutako Gizarea eredua eta foru egoitzen berrikuntza.

Astelehen honetan, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak lurraldean iraupen luzeko zainketen etorkizuneko garapena bideratuko duen estrategia aurkeztu die sektoreko agenteei, Artium Museoan egindako ekitaldi batean. Besteak beste, mendekotasuna duten pertsonei, adineko pertsonei, desgaitasuna dutenei edo gaixotasun mentala dutenei eskaini beharreko arretaren inguruan garatzen ari diren proiektu nagusiak plazaratu ditu Aldundiak.

"Estrategia berri hau ibilbide orria izango da datozen urteetarako, eta esparru bat ezartzen du iraupen luzeko zainketen etorkizuneko garapena bideratzeko, iraunkorra izateko, kalitatezko gizarte zerbitzu hobeak bermatzeko, zaintza sektorearen baldintzak hobetzeko, eta arreta integraleko ereduak garatzeko. Eredu horien zaintza eremua etxebizitza izango da, ahal denera arte; hau da, etxean bizitzeko eta zaindua izateko eskubidearen aldeko apustua egiten da", esan du diputatu nagusiak.

Gaur aurkeztutako proiektuen bidez, Munduko Osasun Erakundeak adinekoen premiak asetzen dituzten epe luzerako zainketa sistema egoki eta bidezkoak sortzeko emandako aginduari erantzun nahi dio Arabak, eredu "abangoardista" bat garatzeko asmoz.

Izan ere, gerturatzen ari den "erronka demografikoaz" ohartarazi du Gonzalezek: "Araban ia 70.000 pertsonak dituzte 65 urte edo gehiago. Bizi itxaropena ia 87 urtekoa da Arabako emakumeentzat, 81 urtekoa gizonentzat. Eta mendekotasun graduren bat aitortuta duten adinekoak, desgaituak edo gaixotasun mentaldunak ia 12.000 pertsona inguru dira", azaldu du.

Estrategia berriko proiektuak garatzeko bi jarduera ildo aurreikusi dituzte: alde batetik, etxean jarraitu nahi duten pertsonei zuzendutako Etxean Bai eta Araba a punto planak; bestalde, egoitza arreta behar duten pertsonei zuzendutako Gizarea eredua eta foru egoitzetako berrikuntza plana.

Emilio Sola foru diputatuak estrategia osatzen duten lau proiektuak ezagutarazi ditu.

Etxean Bai foru plana

Mendekotasuna duten pertsonei etxean egotea erraztuko zaie, eta, aldi berean, zaintzen sektorean enplegua sortzen lagunduko da. Dagoeneko martxan dauden zenbait neurri jasotzen ditu: Laguntza Pertsonalaren Prestazio Ekonomikoaren (LPPE) zenbatekoa %20 handitzea, zaintzaile profesionalak kontratatzeko zerga kenkariak, edo laguntzaile profesionalen eta familia zaintzaileen prestakuntza.

Era berean, aurreikusita dago datozen hilabeteetan Etxean Bai erreferentziako foru zentroa irekitzea, Europako Batasunaren Next Generation funtsen finantzaketarekin. Mendekotasuna duen pertsonentzako zentro bat izango da, eta, aldi berean, etxean bizi diren pertsonek teknologia berrien bidez bere egoeraren aldizkako jarraipena eta monitorizazioa jaso dezaten balioko du, telematikoki —aplikazio baten bitartez—, telefonoz edo aurrez aurre.

Nahi gabeko akardadeari aurre

Bestalde, Araba a punto (2021-2022) planak lurraldeko adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko proposamenak garatu nahi ditu, hainbat arlotan: adinekoen artean bakartze eta nahi gabeko bakardadea saihestea; adinekoen boluntariotza eta bakarrik sentitzen direlako konpainia nahi duten pertsonei laguntzeko boluntariotza ekimenetarako laguntza bultzatzea; eta komunitateko edo auzoko jardueretan adinekoen lankidetza eta parte hartze aktiboa errazten duten ekimenak sustatzea.

Talde eragilearekin batera bakardadearen aurrean herritar elkartasuneko sare bat sortzeko asmoa dute, Arabako biztanleria sentsibilizatzeko eta inplikatzeko. Laudion, adibidez, lurraldeko lehen bakardade eskola jarri dute martxan, eta aurten beste udalerri batzuetan ere eskola berriak irekiko dituzte.

Foru egoitzak berritzeko plana

Hirugarrenik, foru egoitzak berritzeko eta modernizatzeko plana abiatuko du Aldundiak. Besteak beste, ekipamenduak berregituratzea eta baliabide berriak eraikitzea, gehienez 25 pertsonako modulu unitateak eraikitzea eta teknologia berriak aplikatzea aurreikusi dute. Adibidez, birmoldaketa osoa egiteko lanak egingo dira Samaniegon, eta beste hainbat espazio komun eraberrituko dira, bai adinekoentzako zentroetan —Amurrio, Txagorritxu eta Ajuriako egoitzak—, bai desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako Goizalde egoitzan. Horrez gain, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko bi zentro eta egoitza zentro berri bat sortuko dira Arratzua-Ubarrundian eta Laudion.

Egoitza guztietan murgiltze errealitatearen sistema bat ezarriko da, errehabilitaziorako eta funtzio fisikorako, ibilera, oreka, erorikoen prebentzio, minaren maneiu eta kogniziorako barne. Gainera, egoitzen kudeaketan ekonomia zirkularra sartuko da, eta I+G proiektu bat garatuko da, bi ikerketa-ildorekin: erorikoak detektatzeko ikuspen artifizialeko plataforma teknologiko bat, eta narriadura kognitiboa duten pertsonen mina identifikatzeko adimen artifizialeko soluzio teknologiko bat.

Gizarea zainketa eredua

Azkenik, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen zerbitzu eta baliabide guztietan Gizarea zainketa eredua martxan jarri nahi du Aldundiak. Dagoeneko errealitate bat izaten hasi da Lakua adineko pertsonentzako baliabidean eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Etxebidea zentroan, eta pixkanaka ezarri nahi dute foru egoitza guztietan.

Zainketa eredu hiru pertsonarengan oinarritutako arretatik haratago doa, eta profesionalen, senideen eta egoiliarren arteko harremanetan zentratuta dago. Izan ere, dementzia aurreratua duten eta adimen desgaitasuna edo gaixotasun mental larria duten pertsonei zuzenduta dago, haiek ezin baitituzte beren nahiak eta premiak adierazi. Eredu honen bidez familien inplikazio handiagoa eta profesionalen inplikazio emozional handiagoa lortu nahi dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide