Bakterio espezie berri bat aurkitu dute Añanako Gatz Haranean

Erredakzioa 2022ko mar. 3a, 13:51
EHUko MikroIker taldea. / EHU

EHUko MikroIker taldeak gatzaga horretako mikroorganismo berria deskribatu du

Añanako Gatz Haranaren ingurua biodibertsitate gune garrantzitsua da, bereziki uretako espezieei dagokienez, eta ezusteko berriak ere izaten dira tarteka. EHUk egindako azterketa baten bitartez, espezie berri bat aurkitu dute hemen, beste inon ez dagoena. "Azken urteetan gauzatutako mikrobio populazioei buruzko azterketei esker, inguru horretako espezieen bilakaera eta horien arteko harremana ezagutzen ari gara. Baliteke hautemandako espezieetako batzuk aurretik inoiz deskribatuta ez egotea eta ekosistema horietan soilik aurkitzea. Horrek adierazten du leku horretako biodibertsitatea berezia dela eta balio ekologikoa uste zena baino handiagoa", azaldu du Ilargi Martinez-Ballesterosek.

Horren adibide da Santa Engraziako iturburuko uretan isolatutako bakterio espezie berri bat: Altererythrobacter muriae (SALINAS58). Oraingoz, leku horretan soilik aurkitu dute. MikroIker taldeak egindako ikerketaren ondorioak International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology aldizkarian argitaratu dituzte.

Gatzarri geruzak

Gatz Harana gatz burbuila handi baten gainean dago, hain zuzen ere, duela 200 milioi urte itsasoa lehortu zen lekuan. Euri ur gezak halita edo gatzarri (NaCl) geruza sakonenak zeharkatzen ditu, hura disolbatuz eta iturburu hipergazi moduan azaleratzen da, eta mikroorganismo halofiloen eta halotoleranteen dibertsitate handiko habitata sortzen du. Inguru hipergaziak metabolikoki muturreko giro kontsideratzen dira, eta NaCI kantitate aldagarrietan bizitzeko gai diren askotariko mikroorganismoek populatzen dituzte, halofilo izenekoek.

Handia da halofiloen barietatea, eta askotariko substratuak eraldatzen dituzte habitat hipergazietan. Gainera, muturreko baldintza horietan mikroorganismoek garatzen dituzten haloegokitzapen mekanismoen bitartez, mikrobioek bizirauteko baliagarriak diren konposatuak sortu dituzte –oso interesgarriak biomedikuntzaren, bioerremedioen edota elikagaien industriaren arloetarako–. "Mikroorganismoak funtsezkoak dira biosferarako elementu nagusien ziklo biogeokimikoak erregulatzen dituztelako, materia organikoa deskonposatzeko prozesuetan parte hartzen dutelako, elikagaien zikloa sustatzen dutelako eta konposatu kutsagarriak narritatzen dituztelako, ekosistemetarako beharrezko prozesuak guztiak", nabarmendu du Martinez-Ballesterosek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide