MAY GOROSTIAGA

"Narrazioak kontatzean, bidaia bat egiten dugu publikoarekin"

Juanma Gallego 2022ko mar. 5a, 06:00
Gorostiagaren 'Nire munduan' emanaldia martxoaren 6an izango da. intzujai.

Ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia Arabara ere gerturatuko da aurten. Ipuinetan abiatuta, helduei eta familiei begirako eskaintza egongo da. Emanaldietan sortzen den giroa nabarmendu du May Gorostiagak. 

Normalean Gipuzkoan egin ohi duten arren, Ahoz aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia Aramaiora eta Ozetara iritsiko da martxoan. Intzujai Teatro konpainiako May Gorostiaga (Tolosa, 1971) aktoreak ekimenaren atzean dagoen filosofiaren berri eman du.

Ahoz aho ez da ohiko jaialdia. Zer aurkituko dute bertara joango direnek?

Batez ere ipuin kontalaritza, hau da, ahozko narrazioa. Izan ere, ahotsa tresna bezala erabiltzen duten artistak dira gure jaialdian parte hartzen dutenak. Aramaion helduentzako bi saio izango ditugu, eta beste hirugarren bat familiei bideratuta. Ozetan, Garaion Sorgingunean helduentzako ikuskizun bat egongo da, eta, ondoren, solasaldi bat.

Nola sortu da ba aurten Aramaiora etortzeko aukera? 

Hamalaugarren edizioa da  aurtengoa. Tolosan eta Ordizian hasi zen jaialdia, eta horiek izan dira gure zutabeak. Baina konturatu ginen hemen inguruan artista dezente biltzen zirela, batez ere nazioartekoak, eta pixkanaka hasi ginen beste zenbait herritara iristen, Ahoz aho zabalik kanpainarekin, sinergiak sortuz. Hala izan da ere Aramaioren kasua. Bertan ipuinei lotutako programazioa izan dute beti, eta duela hamabi bat urte ere euskal narratzaileen topaketa bat bertan antolatu zuten. Beraz, bagenekien Aramaion ere kontalaritzari lotutako foku bat bazegoela. Dorleta Kortazar eta Maider Altzelai kontalariek ere esaten ziguten noizbait Aramaiora jo behar genuela. Bada, kasualitatez, iaz Ama-alu-lur gure ikuskizunarekin bertan egon ginen, eta zinegotziarekin lehen kontaktua egin genuen. Aurtengoa lehen aldia izango bada ere, espero dugu aukera honek irekita jarraituko duela. Tira, jarraituko dugu ereiten, baita Aramaion ere! 

Lanei dagokienez, zeri buruzkoak izango dira? 

Aurrena nirea izango da: Nire munduan du izenburua, eta ipuin propioak izango dira. Arlo horretan, badira beste norbaiten ipuinak edo ipuin klasikoak kontatzen dituztenak, edo berariaz idazten dituztenak. Ni bigarren taldekoa naiz. Oso barrutik ateratzen zaizkidan gauzak izaten dira, eta publikoarekin enpatia bilatzen dut, emozioen bidez. Nicolas Buenaventura ere egongo da, Aramaion zein Ozetan. Parisen bizi den kolonbiar hau benetako maisu bat da kontalarien artean.  Afrikan ibilitakoa da griotekin. Bertako tribuetako ipuin kontalariak dira griotak, eta, horrez gain, badira ere sendalariak, xamanak, kazetariak... erreferente garrantzitsuak dira gure diziplinan. Ifigeneia Kakridoni ere egongo da. Greziarra izanik ere, gazteleraz oso ondo hitz egiten du, eta familiei begirako kontakizunak egingo ditu. Musikaria izanda, seguruenera musika tresnaren bat ekarriko du. Greziako mitologiara jotzen du sarritan Ifigeneiak. Zentzu honetan, kuriosoa da euskal mitologiarekin dauden antzekotasunak; hor badago oinarri komun bat. Tira, ez da harritzekoa: idatzi baino lehen, gizakiok hitz egiten genuen, eta  ondare hori gure DNAn dago.

Nolakoa da publikoarekiko harremana?

Ipuin bat entzutera etortzen denak normalean badaki zertara datorren. Gainera, ikusten dugu askotan etortzen denak errepikatzen duela. Poztekoa da ikustea publikoa asko finkatzen dela. Badakigu arte minoritario bat garela, eta ez ditugula aretoak beteko. Bueltan, giro intimoago batean egoteko aukera dugu. Bestetik, horrelako ikuskizunetan ez da existitzen laugarren pareta deitzen duguna: ez dago gauzak kontatzen dituen pertsona bat eta kito... gure begirada eta publikoarena gurutzatzen dira, hor elkarrizketa bat sortzen da, bai eta sinergiak ere. Gainera, emozioak beti pil-pilean daude; funtsean, bidaia polit bat egiten dugu publikoarekin batera. 

Hortaz, beste zenbait artetan baino elkarrekintza gehiago duzue...

Bai. Beti erne egon behar zara publikoaren beharren aurrean, zer gustatzen zaien eta zer ez momentuan jakiteko. Orain eta hemen, horiek dira gakoak. Gainera, saioak beti ezberdinak dira. Artista berdinak egiten duen saiora bueltatu zaitezke hurrengo egunean bertan, baina  esperientzia ez da berdina izango. Antzerkian gertatzen den hau are gehiago ematen da kontalaritzan. Narrazioa egiteko estilo desberdinak daude, gainera, musikan bluesa, rocka edo popa dauden bezala. Oso polita da ere saioa amaitzen denean jendearekin hizketan egon ahal izatea. Hau ez da telebista edo zinema ikustearen parekoa, ikusi eta etxera. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide