30 eta 80 urte bitartekoa bazara, elebiduntasunari buruzko ikerketa batean lagundu dezakezu

Erredakzioa 2022ko ots. 25a, 16:17
Gogo Elebiduna Ikerketa Taldeak Micaela Portillo Ikergunean du egoitza. / EHU

Zahartze prozesuan hizkuntza gaitasuna nola aldatzen den eta prozesu horretan elebiduntasunak duen eragina ikertzeko, 30 eta 80 urte bitarteko partaide bila dabil EHUko Gogo Elebiduna Ikerketa Taldea.

EHUko Gogo Elebiduna Ikerketa Taldea zahartze osasuntsuaren inguruko ikerketa batean murgilduta dago une honetan. Zehazki, zahartzen goazen heinean gure hizkuntza gaitasuna nola aldatzen den ikertzen ari dira, eta baita elebiduntasunak prozesu horretan duen eragina aztertzen ere.

Horretarako, 30 urtetik 80 urte bitarteko partaideak bilatzen ari dira, izan elebidunak zein elebakarrak. Hala ere, Alazne Sainz Gil de Paules ikerketa taldeko kideak azaldu duenez, "ahalik eta partaide elebidun gehien" topatu nahi dituzte, "tarte horretako adin guztietakoak".

Ikerketan parte hartu nahi duten lagunentzat formulario bat jarri dute martxan; betetzen duten pertsonekin harremanetan jarriko da Gogo Elebiduna taldea. Horrez gain, gogoelebiduna.partehartu@gmail.com helbide elektronikoa eta 945 01 42 94 telefono zenbakia erabili daitezke harremanetan jartzeko edota zalantzak argitzeko.

Micaela Portilla Ikergunean lan egiten duen Gogo Elebiduna Ikerketa Taldeak hizkuntza nola irudikatu eta prozesatzen den ikertzen du; batez ere, zeintzuk diren irudikatze eta prozesatze horren ezaugarri unibertsalak eta zeintzuk aldatzen diren hizkuntza bakoitzaren ezaugarrien arabera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide