'Hydra' erakusketa aurkeztu du Anabel Quincocesek

Erredakzioa 2022ko ots. 25a, 12:44
2011tik, ura eta bertako biztanleak izan dira Quincocesen praktika artistikoaren ardatza. / Montehermoso

Ur-biltegia azpimundu bateko biztanleekin lotutako izakiz bete du artista gasteiztarrak; apirilaren 24ra arte izango da ikusgai.

Anabel Quincocesek Hydra erakusketa aurkeztu du Gasteizko Montehermoso kulturunean. 2021eko deialdian hautatutako lau proiektu artistikoen arteko lehena da, apirilaren 24ra bitartean ur-biltegian ikusgai izango dena. Berariaz ur-biltegirako pentsatutako esku-hartze artistikoa da, lekuak dituen konnotazioak eta egitura kontuan hartuta. Espazioari egokitutako eskultura-instalazioek osatzen dute, Jon Bellido konpositoreak urpeko eta izarretako soinuen musikaz osatutako musika-pieza batez lagunduta; David Sagastume kontratenorrak ere parte hartu du lan horretan.

Anabel Quincocesek hidren figura hartu du gaitzat, eta Añanako Gatz Haraneko artemia parthenogenetikoak ere aipatzen ditu, desagertzeko arriskuan daudenak ahanzturan eror ez daitezen. Hala, ur-biltegia ibai-ohe bihurtu du, urpeko bizitzaz betea, eta ikusleak espazioaren eta perspektibaren zentzua galduko du bertan. "Gasteiztarrak Anabel Quincocesek ‘Hydra’ lanean proposatzen duen unibertso magikoan murgiltzera animatzen ditugu. Otsailaren 26tik apirilaren 24ra arte, Monterhermoso kulturunean", azaldu du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

Uretan murgilduta

Anabel Quincoces gasteiztarra Arte Ederretan lizentziaduna da, ikus-entzunezko teknikak eta pintura espezialitateetan. Prozesu artistikoaren gida intuizioa dela uste du, eta hortik abiatuta lan egitea du gogokoen, bere mugak eta muga ezarriak gainditzeko asmoz.

2011tik, ura, bertako biztanleak eta bizirauteko garatzen dituzten mutazioak izan dira haren ikerketa eta praktika artistikoaren ardatza. Ura eta bertako biztanleak, gure jatorrien analogia gisa; horregatik, hara itzultzen gara gure bilaketan, ur azaleratik kanpo, zaratatik urrunduz, argi pentsatzea eragozten digun zaratatik. Ura metaforatzat hartuta, Anabel batetik bestera dabil, bere mundua eta inguratzen duten munduak esperimentatu eta eraldatzeko ahaleginean.

 

Berariaz ur-biltegirako pentsatutako esku-hartze artistikoa da Quincocesena. / Montehermoso

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide