2050ean Arabako elikagaien kontsumoaren %75 tokikoa izatea nahi du EH Bilduk

Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 12:58
EH Bilduko prokuradore Eva Lopez de Arroyabe eta bozeramaile Kike Fdz. de Pinedo. / EHB

EH Bilduk Uztaraba plan agroalimentarioa aurkeztu du, 2050rako Araban kontsumitzen diren elikagaien hiru laurden tokikoak eta jasangarriak izateko helburuarekin. Bost urteko talka plana eta hamarkada bakoitzerako tarteko helburuak planteatzen ditu.

2050ean Araban kontsumitzen diren elikagaien %75 gutxienez "tokikoak, jasangarriak eta ekologikoak" izatea nahi du EH Bilduk. Bide horretan urratsak egiten joateko, bost urteko talka plan bat eta 2030, 2040 eta 2050era begirako tarteko helburuak eta neurri zehatzak mahai gainean jarri dituzte.

Uztaraba izeneko plan agroalimentarioaren inguruko xehetasun guztiak astelehen honetan azaldu dituzte EH Bilduko ordezkari Kike Fernandez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek, sektoreko eragileekin partekatzen hasi aurretik. "Arabak baldintza egokiak ditu plan hau ezartzeko: lurzoruaren %32 nekazaritzakoa da, 95.000 hektarea baino gehiago ditu landatuta, abeltzaintza ustiategiak 3.000tik gorakoak dira eta 187 ekoizle ekologikoak daude", nabarmendu dute.

Hala ere, sektorea "krisi iraunkor batean" bizi dela uste dute: "Ekoizpen kostuen azpitik saltzen da, eta, elikadura ohitura berrien ondorioz, erosketaren %60 supermerkatuetan egiten da". Horrez gain, landa munduan ematen ari den despopulazio eta lurralde desorekarekiko "gero eta kezka handiagoa" dagoela ohartarazi dute.

2030erako helburuak

2050eko helburuetara iritsi aurretik, 2030erako lurralde kontsumoaren %30 "tokikoa, osasungarria eta jasangarria" izatea proposatu dute, "trazabilitate ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bermatuz". Horretarako, datozen urteetan garatu beharreko hainbat neurri zehatz planteatu dituzte:

  • Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien %50 trantsizio-ibilbide orri batean egotea, sistema agroekologiko baterantz aurrera egiteko, eta energetikoki autonomoak izatea.
  • Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenaren %30 ekologikoa izatea, eta ongarri kimikoak erdira murriztea.
  • Ustiategi guztietan ekonomia eta ingurumen jasangarritasuna bermatzea, bizi kalitate duina ziurtatuz eta langile berriak sartuz.

Neurri zehatzak

Helburu horiek lortzeko, ekoizpenari, transformazioari, banaketari, kontsumoari eta gobernantzari eragiten dieten 41 neurri hartzea proposatu du EH Bilduk, horien artean bost nabarmenduz:

  • Lurraldean Elikadura Kontseilua sortzea.
  • Nekazaritzako lurra babesteko agentzia bat sortzea.
  • Nekazaritzako eta ingurumeneko trantsizio ekologikoak sustatzea, Eskalmendin berrikuntzan eta prestakuntzan erreferentzia-zentro bat jarriz.
  • Tokiko elikagaiak jantoki publiko guztietan sartzea, ekoizpen eta kontsumo kooperatiben bidez.
  • Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi guztiak mantentzeko eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko plana.

Horrekin batera, gainera, produktuen sozializazio, kontzientziazio eta etiketatze kanpainei garrantzi berezia eman nahi diete, "haien trazabilitatea bermatzeko, eta kontsumo orekatuagoa eta jasangarriagoa bermatzeko".

Transformazioari dagokionez, eskualdeko zentroen sare bat sortzea planteatu dute, ekoizpenak eraldatu eta dibertsifikatzeko: horretarako, esnekiak, barazkiak, ogia, olioa edota bertako garagardoa egiteko zentroak bultzatuz.

Produktuen banaketari begira, administrazio publikoen laguntza "ezinbestekoa" dela eta leihatila bakarra sustatu behar dela uste du EH Bilduk, landa-garapeneko elkarteak bultzatu eta ahalduntzearekin eta landa eremuaren zein gizarte osoaren arteko gizarte kontratua abian jartzearekin batera, "lehenengo sektoreari balioa emateko eta landa eremuak bizirik mantentzeko".

Bost urteko talka plana

Premiazko helburuei aurre egiteko, Uzatabara egitasmoak bost urteko talka plana jasotzen du, 2022tik 2026ra bitartean aplikatu beharreko hemezortzi neurrirekin:

  1. Arabako Elikagai Kontseilua eta Elikadura Kontseiluak sortzea kuadrilla guztietan (600.000 euro).
  2. Berehalako SOS plana egitea, jardunbide egokiak ziurtatzen dituzten nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi estentsibo guztien mantentze-lanak ziurtatzeko (4.000.000 euro).
  3. Jantokietan tokiko elikagaiak, freskoak, osasungarriak edo ekologikoak lehenesteko estrategia (100.000 euro).
  4. Eskalmendi nekazaritzako trantsizio ekologikoetarako zentroa (4.000.000 euro).
  5. Ardoaren Etxea (1.000.000 euro).
  6. Nekazaritzako elikagaien industrialdea abiaraztea Aiaraldean, sakrifiziorako eremu batekin, lurraldeko abeltzaintzari zerbitzua emateko (3.000.0000 euro).
  7. Lautadako Transformazio Zentroari bultzada ematea eta eskualdeko nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko zentroen sarea sortzea (1.000.000 euro).
  8. Arabako Ogia proiektua (300.000 euro).
  9. Lurren banku publikoa eta bultzada-dibertsifikazioa (800.000 euro).
  10. Frutagintza plan bat prestatzea (500.000 euro).
  11. Astegietako merkatua bertako produktuak banatzeko zentro bihurtzea (3.000.000 euroa).
  12. Kooperatibak edo ekoizleen elkarteak sortzen laguntzea, elikagaiak banatu eta merkaturatzeko.
  13. Ekonomatuen sarea, kontsumo kooperatibak eta tokiko produktuen zein produktu ekologikoen merkatuak sortzea (200.000 euro).
  14. Ekonomia zirkularra garatzea (1.400.000 euro).
  15. Tokiko kontsumoa, iraunkorra, osasungarria eta arduratsua sustatzeko plana sortzea.
  16. Langile berriak prestatzeko eta sustatzeko plana.
  17. Hirigintzako egokitzapena eta araudia nekazaritzako elikagaien estrategia jasangarrira.
  18. Herritar guztiek elikadura osasungarria eta bidezkoa izateko eskubidea bermatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide