Txagorritxuko eraikin berrian izango da neonatologia unitatea

Erredakzioa 2022ko ots. 21a, 09:22
Neonatologia unitate berrian hilaren 22an hasiko dira lanean. / Osakidetza

Bitarteko zainketetarako 12 box, zainketa intentsiboetarako 6 box eta arnas isolamendurako 2 box izango ditu gune berriak.

Bihartik aurrera, kokapen berria izango du Neonatolgia Unitateak Arabako Unibertsitate Ospitalean;  Txagorritxun izango du espazio berria. Jaioberrientzako gune berri honek egonaldi teknikoak ditu, arreta espezializatua eta ospitalizazio-eremu berria. "Horrek asistentzia klinikoaren hobekuntza handia ekarriko du, eta familien inplikazioa eta profesionalen lana erraztuko ditu", azaldu dute ESI Arabatik.

Zerbitzu Orokorren eraikin berriko lehenengo solairuan dago unitate berria, abenduaren 22an inauguratu zuten eraikinean. Espazio horrek 1700 m2 inguruko azalera du, eta 12 box ditu tarteko zainketetarako, 6 box zainketa intentsiboetarako eta arnas isolamendurako 2 box. Urtean zehar, gutxi gorabehera, 300 paziente igaroko dira Neonatologia Unitatetik gaixotasun prebalenteenak tratatzeko, hala nola: prematuritatea, arnas gutxiegitasuna, infekzio neonatalak, gaixotasun neurologikoak, deshidratazioa, hipogluzemia edo ikterizia, etab.

Gune berri horrek sehaskak eta inkubagailuak ditu zainketa ertaineko bi gelatan, box arruntekin eta banakako boxekin, eta zainketa intentsiboetako gela bat, banakako eta bikietako boxekin. Guztiek monitorizazio pertsonala, modernoa eta zentralizatua dute, goiburuetan eta zutabeetan gasak eta euskarriak dituzte, espazio gardenak sortzeko, baita ekipazioa eta teknologiarik berriena ere (aireztapen mekaniko inbaditzailea eta ez-inbaditzailea, garun-funtzioaren monitorizazioa, NIRS, kapnografia, etab.). Gainera, biltegi adimenduna izango dute, eta dietetika-gela baten laguntza, amaren esnea jaso, identifikatu, kontserbatu eta prestatzeko.

Instalazio berriak gurasoentzako eta familientzako berariazko egoitzekin diseinatuta daude, beren zaintza pertsonala errazteko, beren gauzak zaintzeko, atseden-denborak ahalbidetzeko eta beren familia-bizitza eta haurrak ospitaleratze-asteetan zaintzea bateragarri egiteko. Era berean, edoskitze-gela esnea ateratzeko, amatasun-kontsultarako eta erabilera anitzeko kontsultarako espazioak izango dituzte eta Euskadiko Esne-Bankuaren Arabako egoitza ere.

Urtean zehar, 300 bat paziente igaroko dira neonatologia unitatetik. / Osakidetza

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide