Tik Tak ekoiztetxearen 'Txotxongiloa' animazio film laburra aurkeztuko dute

Erredakzioa 2022ko ots. 14a, 13:14
'Txotxongiloa' animazio pelikularen irudia. / 'Txotxongiloa'

Sonia Estevezek zuzenduta, emakumeak egungo gizartean duen askatasunari buruzko gogoeta egiten du pelikulak.

Asteazkenean, hilaren 16an, aurkeztuko dute Txotxongiloa, Tik Tak Animation ekoiztetxe arabarraren animaziozko film laburra. Vital Fundazioaren aretoan izango da, Gasteizko Dendaraban, 19:30ean.

Txotxongiloa animazioa, drama eta umorea generokoa da, eta zortzi minututan, elkarrizketarik gabe, emakumezko txotxongilo bat du pertsonaia nagusi, gela batean itxita, lurrean etzanda eta mugitu gabe. Gela horretatik kanpo gertatzen diren eszenek adin desberdinetako beste emakume batzuk dituzte protagonista, denak nolabait txotxongiloa ere badirenak. Emakume horiekin batera hiru munstro daude, hainbat egitura eta pertsonalitatetakoak. Pertsonaia nagusiaren aldarteak edo nortasun-alderdiak irudikatzen dituzten izaki irrealak dira, eta egoera desberdinetatik ateratzen lagunduko diote.

Filmaren zuzendaria Sonia Estevez da, zuzendaria, ekoizlea, model maker eta stop motion animatzailea. Tik Tak Animation ekoiztetxe independentea da, gizarte-ekimeneko kooperatiba, stop motion animazioan espezializatua. Ikus-entzunezko bere prestakuntzaz gain, Basogintza eta Ingurumen Kimika ikasi zituen, eta, beraz, ikus-entzunezko ekoizpena eta jasangarritasuna uztartzen ditu. Animazioa gizarte-arazoak ikusarazteko bitarteko erabiltzen du.

"Txikitatik ikusi dut emakumeak zeregin gehiegi egin behar dituela sisteman bizirauteko. Gizonezkoen gabezia horrengatik zela uste nuen, baina gero konturatu nintzen, nahiz eta familietan gizonezkoen figura hori egon, emakumeen egoera ez zela nirean bizi zenaren oso bestelakoa" azaldu du Estevezek. Hain zuzen ere, esperientzia horretatik eta egungo gizartean emakume aske bizitzeko aukerei buruzko hausnarketatik abiatuta sortu da Txotxongiloa.

Zuzendariak txikitatik sentitu du txotxongiloekiko grina, eta eskuz egin ditu. Bere manipulazioak panpina baten mugimendu autonomoaren ilusioa sortzea ahalbidetzen du, berez mugiezina dena, eta hori, stop motion teknikarekin batera, “askatasunaren esperientziari edo haren gabeziari dagokionez, emakume naizen aldetik sentitzen ditudan kontraesan horiek” adierazteko bide oparoa dela azaldu du.

 

Sonia Estevezek zuzendu du animazio pelikula. /Tik Tak Animation

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide