Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, Gasteizko Udalak sustatutako haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako Vitoria-Gasteiz sariak banatu dituzte, Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldi batean. Aurtengo irabazleak, sarien 18. edizioan, Aiora Jaka eta Miren Agur Meabe izan dira, Onin eta Sorginen Sekretua eta Zirkulu gorrimina obrengatik. Bide batez, Udalbatza osatzen duten talde politikoen bozeramaileek Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri dute ekitaldian.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman die bi itzultzaileei, sari hau aurretik ere irabazitakoak direnak. Ibon Martinen Onin y El Secreto de las Brujas liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Aiora Jakak, eta 9.000 euro eskuratuko ditu. Miren Agur Meabek, ordea, Cesar Mallorquiren El Círculo Escarlataren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratuko ditu ere.
Aiora Jakaren kasuan Onin eta Sorginen Sekretuak oso "hizkuntza landua erabiltzeagatik" eta, besteak beste, "obra osoan zehar erritmo bizia lortzeagatik" jaso du saria. Epaimahaiak "testuaren ahozko literaturarekiko hurbiltasuna ere baloratzen du", baita Zugarramurdiko artzainen euskarara hurbiltzeko ahalegina ere. Miren Agur Meaberen Zirkulu gorrimina, berriz, bere hizkuntzaren naturaltasunagatik nabarmentzen da. Epaimahaiaren arabera, "lanak literatur aipamen ugari ditu, beti ongi ekarriak". Onomatopeien erabilera ere deigarria eta aproposa da.
Guztira hamasei lan aurkeztu dira aurten Vitoria-Gasteiz sarietara. Hamar haur literaturaren kategorian. Hauek izan dira epaimahaikoak: Karlos del Olmo Serna, Aintzane Atela Gurrutxaga, Ainara Ruiz Benito, Miren Ibarluzea Santisteban eta Karlos Zabala Oiartzabal.