Iritsi da Arabako riderren lana aitortzeko lehen epaiketa kolektiboa. Izan ere, Glovoko langileen kontratuen lan izaera aztertu du gaur Gasteizko epaitegiak, eta "babesa eta elkartasuna" adierazteko eta beren "lan eskubideak defendatzeko" elkarretaratzea egin dute LAB eta ELA sindikatuek.
Aurtengo abuztuan, Rider Legea indarrean sartu zen Espainiako Estatuan, eta riderren —plataforma digitalen bidez etxez etxeko banaketan aritzen diren pertsonak— lan eskubideak babesteko neurri batzuk ezarri zituen: besteak beste, enpresak behartzen ditu banatzaileak soldatapeko langile gisa kontratatzera, erregimen orokorrean eta ez langile autonomo gisa, autonomia hori "faltsua" delako.
Rider Legeari esker, gisa horretako langileek orain arte ez zituzten zenbait eskubide izaten hasi dira: hala nola, ordaindutako oporrak, enpresaren konturako gizarte segurantza, kaleratzeagatiko kalte-ordainak, negoziazio kolektiboa edo soldata finkoa.
Sektorearen erregulazioa
Hala ere, legea indarrean egon arren, oraindik ere langileek epaitegietara jo behar dutela ohartarazi dute sindikatuek: "Lehen urratsa da lan harremanen uberizazioaren aurrean. Rider Legea aurrerapauso garrantzitsua izan arren, gaur egun epaitegietara jo behar dugu oraindik lan harremanak aitortuak izan daitezen", salatu du LAB sindikatuak. "Hori da, agian, gaur salatu beharreko lehen gaia: nola liteke, Auzitegi Gorenaren doktrina egonda, enpresa honek bere langileak epaitegietara jotzera derrigortzen jarraitzea lan eskubide oinarrizkoenak aitortzeko?".
Autonomo faltsuen praktikaren aurrean, sektorearen erregulazioan aurrera egiteko konpromisoak hartzea eskatu diete Euskal Herriko alderdi politikoei: "Ez bakarrik etxez etxeko banatzaileekin, baizik eta iruzurrezko praktika horiek eragindako sektore guztiekin".