Ikastetxeetan babes neurriak arintzea eskatu dute

Erredakzioa 2021ko urr. 21a, 07:57
Zenbait tokitan musukoaren erabilera derrigorrezkoa ez izatea eskatu dute. ALEA

Sinaduren bitartez, ikastetxeetako jolastokietan, gorputz hezkuntzan, txango zein irteeretan musukoaren erabilera derrigorrezkoa ez izatea eskatu diote 7.000 bat gurasok Jaurlaritzako Hezkuntza sailari.

Gero eta gehiago dira Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan indarrean dauden Covid-19 neurriei aurre egiteko neurrien aurkako ahotsak. Asteon bertan Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoen artean bildutako 7.000 sinadura inguru aurkeztu dituzte Lakuako Hezkuntza Sailean.

Sinadura hauen bitartez, duten "ezinegona eta desadostasuna" azaldu nahi izan dute gurasoek. Salatu dute azkenaldian helduentzat malgutu diren prebentzio neurriak "bere horretan dirautela gure seme-alaben kasuan", eta bereziki, jolastokian, aire zabalean, gorputz hezkuntzan eta irteera zein txangoetan musukoa jarrita izan beharra arbuiatu dute. Egoera horren aurrean, eta biztanleriaren gehiengoa txertatuta egonda kontuan hartuta, ikastetxeetan ikasleari aplikatzen zaizkien "neurriak malgutzea" eskatu dute, izan ere, "gure seme-alabak garapen prozesu sakon batean daude murgilduta eta hau aintzat hartuta, haiek egoera guzti honen alde gogorrena pairatzen ari direla uste dugu", salatu dute sinatzaileek.

"Gure seme-alabak garapen prozesu sakon batean daude murgilduta eta hau aintzat hartuta, haiek egoera guzti honen alde gogorrena pairatzen ari direla uste dugu".

Horrekin lotuta, nabarmendu dute Osasunaren Munduko Erakundeak ez duela aholkatzen maskararen erabilpena ariketa fisikoa egiten den bitartean eta "ez duela gomendatzen maskararen erabilera 12 urte beherakoen artean, osasunean eta ikaskuntzan izan ahal duen eraginagatik". Gogorarazi dute, gainera, Europako hainbat herrialdetan ikasleak eskolara musukorik gabe doazela.

"Justifikaziorik ez"

Ez dira guraso hauek neurriak arintzea eskatu duten bakarrak. Ikastolen Elkarteak ere bere kezka agertu du: "Ez diogu zentzurik ikusten haurrak kanpo espazioan dabiltzanean musukoaren erabilera derrigortzeari, are gutxiago, helduok maskararik erabili beharrik gabeko gero eta gune gehiago irabazten ari garenean. Txertorik jarri ez zaien kolektibo bakarra izateak ez du justifikatzen neurri horri eustea, gainerako guneetan ez badute derrigorrezkoa musukoa erabiltzea".

Bizitza plataforma

Bizitza plataforma harago doa. Hezkuntza Ordezkaritzetatik "inposatutako protokolo bortitz" hauek pixkanaka "lasaitu eta desagertzeko" neurri zehatzak proposatzen ditu, hala nola, hidrogelaren eta musukoaren erabilera boluntarioa izatea, distantzia sozialik ez eragitea edo ikastetxeetan txertaketa egiten ez uztea.  Horrekin lotuta, ostiralean, Hezkuntza Sail eta Ordezkaritzetara egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da 14:00etan. Horrez gain, sinadura bilketa ere badu martxan; dagoeneko 3.700 sinaduratik gora batu ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide