Emakume sortzaileak, Garaionera

Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 18:30
23 emakume sortzailek hamahiru lan aurkeztuko dituzte Ozaetako espazioan. / GARAION

Ozaetako Garaion Sorginguneak Emakume sortzaileak plazara! egitasmoa jarri du martxan, eta urriaren 15etik azaroaren 19ra bitartean egitarau zabala eskainiko du hainbat emakume sortzaileren eskutik.

2019an, Genero programa eta politikak ikerketa lana argitaratu zen, EAEko antzerki, dantza, liburu eta musikaren arloan genero berdintasunaren egoeraren diagnostikoa, sorkuntzaren eta industriaren ikuspegitik. "Bertan agerian gelditzen da, oraindik ere, emakumeen lanak programatzean aukera berdinak ez dituztela", nabarmendu dute Garaion proiektuko kideek.

Egoera horri erantzuteko gogoz, Emakume sortzaileak plazara egitasmoa abiatu dute: "Sormen lanak plazaratu, eskaintzea eta eurekin gozatzea da lehen helburua, baina aldi berean, gogoeta egitea, eztabaida piztea, emakume sortzaileak ezagutaraztea, ikusgarritasuna lantzea eta aurrera begira egoera aldatzeko erantzukizunak eskatzea da. Hau guztia aldatu daiteke, borondate kontua da, sortzaile emakumeak egon badaude eta plaza ere eurena bada", azpimarratu dute.

Urrian zehar, musika, dantza, antzerkia eta performancearen arloko 23 sortzailek hamahiru lan aurkeztuko dituzte Garaionen: Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Ainara Legardon, Haizeatxo, Ningra, Olatz Gorrotxategi, Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suarez, Idoia Zabaleta, Iara Solano, Belen Nevado, Amaia Bono, Garazi Lopez de Armentia, Natalia Suarez, Maider Galarza, Dorleta Kortazar, Lidia Pousa, Odei Arregi, Eneritz Artetxe, H Idoia Hernandez, Maite Arrietajauregi Mursego eta Itziar Rekalde.

Horrez gain, bi hitzaldi izango dira: horietako bat, emakumeek musikan eta antzerkigintzan bizi duten egoerari buruzko gogoeta egiteko. Azkenik, azaroaren 19an, zikloari amaiera borobila emateko kontzertu bat antolatu dute.

 

Programazioan parte hartuko duten emakume gehienak arabarrak dira, eta "EAEn Arabako ekoizpenak are aukera gutxiago" dituela deitoratu dute: "Araban euskaraz sortzen duten sortzaileak badira, baina askotan euren lanak Arabatik kanpo egiteko zailtasunak dituzte". Bestalde, gaztelaniaz sortzen duten beste hiru arabarrek ere parte hartuko dute, "euren lana gehienbat estatuan edo nazioartean programatzen delako eta bertan oso gutxitan.

Azaldu dutenez, "urtero" egin nahiko luketen ekimena da, "asko eta asko direlako Euskal Herri mailan sortze lanetan diharduten emakumeak, eta euren lanak maila publikora iristeko ezina dutenak". Oraingoz, Arabako Aldundiaren, Laboral Kutxaren, Barrundiako Udalaren eta Euskal Herriko emakume musikarien elkartearen laguntzarekin, lehen edizioa bihar hasiko da Ozaetako espazio sorginduan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide