Fernandez de Vianaren eskultura jaso du Arte Ederren Museoak

Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 17:09
Eskultorearen bizitzari buruzko argazkiak ere bildu dituzte erakusketan. / AFA

Artisau lanean hasi eta, ondorengo prestakuntzari esker, eskultore bikain izatera heldu zen lantziegarra.

Arte Ederren Museoak Lorenzo Fernández de Viana. Arabako eskultorea erakusketa aurkeztu du gaur. Fernandez de Viana (Lantziego, 1866 – Bilbo, 1929) artisau lanean hasi eta, ondorengo prestakuntzari esker, eskultore bikain izatera iritsitako artistaren adibide ezin hobea da. "Katalogoaren helburua da artista hori berreskuratzea, Araban une horretan aintzatetsitako eskultore bakarra izan baitzen; horrez gain, artistari bizitzea egokitu zitzaion une historiko-artistikoaren berri ematea da beste xedeetako bat", azaldu du Ana del Val kultura diputatuak. 

Ebanista lanean hasi zen, ikasketak egin zituen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan lehenik eta, ondoren, Madrilen eta Parisen, eta, prestakuntza horri esker, hiriko eskultura tailer bakarra ireki, eta obra garrantzitsua egin zuen. Nabarmentzekoa da katedral berrian egin zuen lana: lehenengo eskultore egin zuen lan, eta gero, Tailu eta Modelatu Eskolako irakasle. Ibilbide gehiena Arabako lurraldean garatu zuen arren, Argentinako aldia nabarmen bereizten da haren bizitzan eta jardueran, eta garrantzi handiko lanak egin zituen Mar de Plata eta Buenos Aires hirietan. 1917an Bilbora bueltatu zen, eta harrezkeroztik, lan konbentzionalagoak egin zituen, tamaina txikikoak eta ohitura gaiei buruzkoak. Han hil zen, 1929an.

Erakusketa honetan ikusgai daude, besteak beste, Pablo Urangaren bustoa (1908), Nire alaba (1916-1920 inguru) eta Autorretratua (1920). Alabaina, haren ekoizpenaren zati handi bat arkitekturarekin berez loturik dago eta horregatik ezinezkoa da erakusketa honetara ekartzea. Gainera, eskulturetan erabilitako material batzuk oso hauskorrak dira eta, ondorioz, horietako zenbait higatu edo betiko galdu dira. Antzinako eta egungo argazki erreprodukzio ugari paratu dituzte formatu handian; horiek, hainbat testurekin osatuta, artista bere testuinguruan kokatzen laguntzen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide