Arabazan, ahozko kontalaritzaren erakusleiho berria

Erredakzioa 2021ko urr. 1a, 13:22
Ipuin Egunaren aurreko edizio bat, Garaion Sorgingunean. / GARAION

Garaion Sorginguneak Ipuin Egunaren zortzigarren edizioa hartuko du larunbat honetan. Protagonismo berezia izango du zortzi narratzaile eta ipuin kontalari arabarrek osatutako Arabazan kultur elkarte berriak.

Labetik atera berri da Arabazan elkartea, eta bere lehen dastaketa Ipuin Egunaren zortzigarren edizioa izango da jaialdi horretan bertan ernaldu zen egitasmoa, larunbat honetan, urriaren 2an, Ozaetako Garaion Sorgingunean. Egun osoko jarduera izango da: 12:30etik aurrera goizean, eta 17:30etik aurrera arratsaldean. Soilik goizez edo arratsaldez parte hartzeko erreserbak garaionsorgimgunea@gmail.com helbidean, bost eurokoa izango da prezioa; egun osoko egitarauaz gozatu ahal izateko, berriz, zortzi eurokoa.

Azken urteotan ahozkotasunaren eta kontalaritzaren inguruan urratzen hasitako hausnarketa bideari eutsi eta erakusleiho berri bat irekitzea dute helburu, "ofizioak artean duen bere tokia eman" nahian.

Besteak beste, Itziar Rekalde, Ane Gebara, Ane Arrugaeta, Aitor Vinagret eta Iñaki Karretero kontalariak daude proiektuaren atzean, eta une honetan zortzi dira bultzatzaileak. "Garaionek hazia jarri du eta guk, eurek eman digutenetik, kemena, ilusioa, lana eta gogoa jarri dugu; geure kabia bertan egin dugu eta bertan dago kokatuta gure elkartea", azpimarratu dute taldekideek.

Hazia erein

Ahozkotasunaren tradizioa lantzeaz gain, gaur egunera ekarri nahi dute. Horretarako, hausnarketarako gune izatea, ofizioan trebatzea eta formatzea, zaleak elikatzea, dokumentazioa arakatu eta biltzea dokumentazio gune bat sortuz eta kudeatuz, nazioarteko harreman sareak sortzea eta ahozkotasunarekin lotutako ekimenak sustatzea bilatuko dute. Bide horretan, hainbat proiektu zehatz iragarri dituzte.

Formakuntzari dagokionez, ikastaro jarraiak eta trinkoak egingo dituzte, ipuin zaleei, profesionalei, hezitzaileei, gune feministari, gizon taldeei, guraso elkarteei, liburutegiko teknikariei, kultur teknikariei edota gazte taldeei zuzenduta.

Bestalde, kontalarien arteko topaketak eta jardunaldiak antolatuko dituzte, baita kontalaritzaren inguruko jaialdi herrikoiak, ikuskizunak eta ekitaldiak sustatu ere. "Eskoletan edota liburutegietan ez ezik, ekimen herrikoietan eta, batez ere, arte eszenikoen barruan behar duen tokia berreskuratu nahi dugu", adierazi dute.

"Arabazan elkarteak hazia erein nahi du, ondoren hazten joan dadin, ateak irekita ditu formakuntza eta jakintza elkar trukean interesa duen kontalari, ikertzaile, aditu, programatzaile, sustatzaile eta zale ororentzat", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide