Irailaren 24tik urriaren 3ra egiten ari da Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen bigarren edizioa. Jaurlaritzak sustatuta, programa horrek trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz "kontzientziatzea eta mobilizatzea" du helburu. Orotara, 63 udalerritan egiten ari dira 150 proposamen baino gehiago.
Astearen aurkezpenean, Jaurlaritzaren baitan aldi berean industria eta ingurumena kudeatzen dituen Arantxa Tapia sailburuak ziurtatu zuen "bide onetik" doazela, eta klima aldaketari aurre egiteko erronka badela ere "aukera bat gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzeko eta enplegu berriak sortzeko". Hori ez ezik, erantsi zuen Jaurlaritzak Basque Green Deal izeneko proposamena martxan duela; Tapiak horrela laburbildu zuen zertan den deal hori: "Garapen jasangarriko eredu bat, industria eta teknologia aldaketarako eragile gisa dituena".
Artziniegan ohitura berri bat sustatzen saiatu dira: ahal denean, eskolara autorik gabe joatea.
Jaurlaritzak ia 110.000 euro bideratu ditu Asteklimaren barruko ekimenak finantzatzeko, eta herri askotan baliatu dute diru hori larrialdi klimatikoari lotutako proposamenak lantzeko. Askotarikoak izan dira proposamenak. Hain izan dira askotarikoak ezen Jaurlaritzak berak eskaera horietako batzuk alboratu behar izan baititu, xaboi ekologikoa egiteko tailerrek gaiarekin zerikusi askorik ez dutela iritzita.
Gainerakoan, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak eta martxak egiten ari dira. Denak aipatzeko tarterik izan ez arren, hauek dira hauetako batzuk: Legution, karbonoa harrapatzeko tailerra prestatu dute. Bernedon, hitzaldi batean klima aldaketa, elikadura burujabetza eta feminismoa bildu dituzte. Iruraiz-Gaunan, elektrizitatearen tarifa berria ezagutarazteko gakoak prestatu dituzte, etxean energia eta dirua aurrezte aldera. Navaridasen natura interpretatzeko ibilbidea antolatu dute. Beste zenbait herritan, antzerkia edo zinema baliatzen ari dira arazoaren berri emateko.
Oinez eta bizikletaz
Hauetan guztietan helburu komuna dagoen arren, badira bereziki eguneroko ohituretan aldaketa txikiak lortu nahi izan dituzten udalerriak. Artziniegaren kasua da. Bertan, udalaren, Arteko Gure Ama eskolaren eta Barratxi guraso elkartearen artean norabide horretan doan proposamena lantzen hasi dira. Ikasleak eskolara oinez edo bizikletaz joan daitezelako ohitura sustatu nahi izan dute. Helburutzat jarri dute ikastetxetik 1,5 kilometro baino gutxiagora bizi diren familien eta ikasleen artean ohitura hori ezartzea. Funtsean, "autoa eskolara joateko azken baliabidea izatea" nahi dute. Esan beharrik ez dago: azken helburua da ohitura hori etorkizunean ere sendotzea, ez soilik klima aldaketari eskainitako aste honetan. Asteartean hasi eta ostiralera arte luzatu dute ekimena.
Zuian ere antzeko filosofia jarraitu dute, mugikortasunaren alorrean aldaketak eragin nahian. Hala, bizikleta bidezko joan-etorrietarako ibilbide alternatiboak ezagutarazteko martxa zikloturista antolatu dute iganderako. Ibilaldi "populartzat" jo dute, "pertsona guztiei zuzenduta". Ohartarazi dute ere ez dela ibilaldi lehiakorra izango, eta norberak "ahal duen erritmoan" egin ahal izango duela. Amaieran, kamiseta bat agindu diete parte-hartzaileei.
Horrez gain, aurretik ere gazteekin landu dute gaia, belaunaldi berrietan fokua jarrita. Murgiako institutuan aurkezpen bat egin zuten joan den astean. Bertan izan zen Gorbeialdeko Kuadrillako ingurumen teknikari Jon Toña, eta alboan izan zuen ere Xabier San Sebastian txirrindularia.