Hitzarmen berria lortu du Arabako zurgintzak

Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 10:40
Zurgintzako ordezkarien mobilizazioa SEAren egoitzaren aurrean. / LAB

CCOO, UGT eta LAB sindikatuek Arabako zurgintzaren hitzarmen berria sinatu dute. LABen ustez, "hobekuntza nabarmenak" ekarriko ditu, soldatak %6,7 igoko dira, eta "prekarietatetik ateratzen lagunduko du".

Bi urte eta erdiko negoziazioen ostean, Arabako zurgintzako mahai negoziatzaileak akordio bat sinatu du astelehen honetan. Hortaz, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, sektoreko 500 langile inguruk "eragin osoko hitzarmen berria" dute dagoeneko. "Sektoreko langileek asko sufritu dute 2008ko krisia, baita pandemiak eragindako egoera ere", ospatu du LABek.

CCOO, UGT eta LAB sindikatuek —ELAk ez du akordioa sinatu— patronalarekin lortutako aurreakordioak bederatzi puntu nagusi ditu:

  • Soldatak: urtero %1,5eko igoera, eta hitzarmenaren amaieran KPI-arekiko berrikuspena.
  • San Jose ordainsariaren kontsolidazioa.
  • Inaplikazio klausula.
  • Ultra-aktibitate mugagabea.
  • Izatezko bikoteen eta ezkontiden berdintzea.
  • Kategoria baxuenak (formakuntzakoak) berrikusteko konpromisoa.
  • Sektoreko berdintasun batzordea.
  • Egutegian egun bat mugitzeko aukera, hurrengoan lanaldia jaisteko aukera irekiz.
  • Laneko bajetan osagarria hobetzea: hamar hilabetetik hamabostera.

Sindikatu abertzalearen ustez, hitzarmen berriak "sektorearen arazo askori erantzuten die, eta langileei hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkie, prekarietatetik ateratzen lagunduz". Hitzarmenaren amaieran, langileen soldatak "gutxienez" %6,7 igoko direla aurreikusi du LABek, "igoerari eta San Jose ordainsariaren kontsolidazioari esker".

Langileen aktibazioa

Sektorearen lorpenaren aurrean, LAB sindikatuak azpimarratu du langileen aktibazioa "etengabe" bultzatzen saiatu dela, "bere kabuz ekimenak abiatuz eta ahal izan den neurrian batasun sindikala sustatuz sektorea astintzeko".

"Azken hilabeteetako dinamika proposamenak LABek bultzatu ditu, eta argi dugu horri esker lortu dela patronala bere hasierako posizioetatik mugitzea. Uztailean bertan lau sindikatuok mobilizazio bateratu bat deitu genuen, eta SEAko arduradunei 300 langileren sinadura helarazi genizkien, hitzarmen duin bat eskatuz", gogorarazi dute.

Hala eta guztiz ere, LABek azaldu du "bide komuna zaila" izan dela: "Batzuetan gogo eskasa nabaria izan da; beste batzuetan, posizio maximalistetan kokatuta, konfrontatzeko asmo falta ezkutatzea ere ikusi izan dugu. Hala ere, LABek bereari eutsi dio, eta langileen aktibazioa eta elkarlan sindikala bultzatzen tematu gara lortu arte, azken hau nahi baino txikiagoa izanda ere".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide