Max sarietan lehiatuko da Teatro Paraiso

Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 10:51
Iñaki Rikartek zuzendu du 'Úniko' lana / Teatro Paraiso

Haurrentzako ikuskizun onenaren kategorian izango da, 'Úniko' obrarekin; sariak Bilboko Arriaga Antzokian emango dira, urriaren 4an.

Arte eszenikoen Max sariek hogei kategorietako finalistak ezagutarazi dituzte, eta epaimahaiak UniKo  lana aukeratu du Haurrentzako, Gazteentzako edo Familiarentzako Ikuskizun Onenaren kategorian, Gasteizko Teatro Paraiso taldearen lana. Harekin batera, kategoria honetan Cross Border Project taldearen La chica que soñaba; eta Laika, Obsidianak eta Xirriquiteula Teatrek sortutakoa.

Paraisoren izendapen hau "oso pozgarria" dela adierazi du Pilar Lopez konpainiako arduradunak: "Une zailenetan ere arte eszenikoekin eta kalitate goreneko sorkuntzekin topo egiteko eskubidea duen publikoarekin konprometituta jarraitu duen lantalde oso baten errekonozimendua da". Haur eta helduentzat familia-historia hau Iñaki Rikartek zuzendu du, eta Paul seme bakarraren eta bere etxeko erregearen istorioa kontatzen du, Irati ahizpa jaio arte. Gertaera horren ondorioz, maitatua izateari uzteko beldur intimoak familiaren egonkortasuna mehatxatzen du.

Protagonistaren atzean, Maite Bayon aktorea dago, eszenan Ainara Unanue eta Tomaas Fernaandez Alonso eta Aitor de Kintana lagun dituela, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan. Bingen Mendizabalena da musika, eta eszenografia eta jantzi-lan zehatza Ikerne Gimenezek egin du, biak ere konpainiako ohiko kolaboratzaileak. 

Pez Limbo

Egile onenaren sarirako, berriz, Maria Goirizelaia zuzendaria hautatu dute Harri, orri, ar. El patio de mi casa obrarekin egindako lanagatik. Antonio C. Guijosa –Solo un metro de distancia– eta Fernando Delgado Hierro –Los remedios– zuzendariak izango ditu lehiakide. Arabako Pez Limbo konpainiaren lana da Harri, orri, ar, eta besteak beste, Josune Velez de Mendizabal aktore gasteiztarra aritu da lantaldean.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide