Hego Euskal Herriko lehen hidrogeno trena azaroan abiatuko da

Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 17:03
Ribabellosako plantan egingo dute Talgoko hidrogeno trena. TALGO

Repsol eta Talgo konpainiek akordioa sinatu dute hidrogeno berdeko pilak izango dituzten lehen trenak egiteko. Ribabellosako faktorian ari dira lehen tren duala –hidrogenoa eta elektrikoa– fabrikatzen.

Vittal One, hidrogeno berriztagarriz bultzatutako Hego Euskal Herriko lehen trena, azaroan hasiko da martxan. Repsolek hornitutako hidrogeno berdeko pilak izango dituzten lehen unitateak Ribabellosan egingo ditu Talgo tren konpainiak. Bi konpainiek energia horrekin bultzatutako trenak garatzeko aliantza bat sinatu dute gaur, Madrilen, gasolioa erabiltzen duten trenak –Espainiako Estatuan elektrifikatu gabeko 5.200 kilometro  daude– ordezteko.

Akordioari esker, Talgo faktoriak distantzia ertaineko eta aldiriko tren autopropultsatuak diseinatu, fabrikatu eta martxan jarriko ditu. Repsolek, berriz, hidrogeno berriztagarria sortzeko azpiegitura eta trenbide-sarea hornitzeko duen logistika jarriko ditu horren mesedetan.

Bigarren mailako lineak

Talgok Vittal One trena garatu du Ribabellosan. Hego Euskal Herriko eta Espainiako lehen tren duala da, hidrogeno eta elektrikoa, eta azaroan jarriko du martxan, proiektua frogatu eta baliozkotzeko. Hidrogeno tren berriztagarriak motor elektrikoen bidez funtzionatzen du, hidrogeno pilei esker energia lortzen dutenak.

Mota horretako trenak elektrifikatu gabeko bideetatik ibil daitezke, katenaria instalatu beharrik gabe eta bestelako egokitzapen-lanik egin gabe. Horregatik, hidrogeno trenak ez du garapen teknologiko gehigarririk behar, eta, gainera, bereziki egokiak dira oraindik elektrifikatu ez diren bigarren mailako trenbide-lineak hornitzeko.

Trena gutxien kutsatzen duten garraiobideetako bat den arren, oraindik dieselarekin lan egiten duten lokomotore asko daude. Izan ere, 80.000 kilometro trenbide elektrifikatu gabe daude Europan, trenbide sare osoaren %40a. Egunero, 12.000 diesel lokomotora ibiltzen direla kontuan hartuta, CO2 isurien kopurua handia da.

Next Euskadi

Repsolek, berriz, hondakin organikoak erabiliko ditu biogasa sortzeko, eta hortik aurrera hidrogeno berriztagarria sortuko du. Hidrogenoaren azken bolada horretan, zerikusi handia izan du Europako funtsetatik dirua etortzeko aukerak. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan, Hidrogenoaren Euskal Korridore sortu berriaren gidaria da Petronor, Repsolen filiala, eta orain hidrogeno berdea egiten hasi nahi du, eta, hori erabiliz, karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ere.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea ibai azpitik igaroko litzatekeen gasbidea da. Sustatzaileen helburua urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea da. Eusko Jaurlaritzak Next Euskadi funtsetara aurkeztu dituen proiektuetatik pisu ekonomiko handienekoa da hidrogenoaren korridorea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide