Ibaiertz higatu bat zaharberritu dute Urizaharrean

Erredakzioa 2021eko uztailaren 13a

Erribera-tarte horrek higadura handia jasan zuen, oinarria oinutsik zegoelako. / URA

Bioingeniaritzako teknika bat aukeratu dute ibaiertzeko landaredia lehengoratzeko zein lurra finkatzeko.

Uraren Euskal Agentziak Jugalez (Inglares) ibaiaren eskuineko ertzeko tarte bat zaharberritu du Pagoeta parean, Urizaharrako udalerrian. Tarte horrek higadura handia jasan zuen, eta korronteak oinarria babes gabe utzi zuen. Horren ondorioz, tamaina handiko hainbat zuhaitz erori ziren, eta horiek, aldi berean, lurzoru ugari eraman zuten haiekin. Ibaiertza ezegonkor eta tokiko landarediarik barik geratu zen.

Higatutako ibaiertza finkatze aldera, bioingeniaritzako teknika bat aukeratu dute: zurezko enborrez, lurrez, adar-sortez eta landare biziz betetako egitura bat osatu dute. Xedea da, etorkizunean, lursailari berezko egonkortasuna emateko, landarediaren garapenak enborren egitura ordezkatzea. Era horretan, ibaiertzeko landarediak higatutako tartea berriro estaltzea sustatzen dute, eta inguruneari onura ugari ematea. Besteak beste, ibilgua itzaltzea; espezieentzako korridore gisa jardutea eta habitatak konektatzea; edota ur-goraldien emarien indarra baretzea.

Egitura hori zurezko piloteen pantaila baten gainean oinarritu da, ibaiaren ohantzean bertan finkatuta, eta ibaiertzeraino sortutako hutsunea harriz bete da, egitura egonkortzeko. Teknika horiek aukera ematen dute ibaiertz oso bertikalak birlandatzeko; izan ere, horietan, landareztatzea konplexuagoa da ibaiertzeko beste tarte batzuetan baino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago