51.000 gazterengana iritsi da sexualitatea eta hiesari buruzko lanketa programa

Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 12:26
Hogei urte bete ditu Sidalavak eta Vital Fundazioak abian jarritako programak. / Vital Fundazioa

Lurraldeko kuadrilla guztietan banatutako 37 ikastetxe publiko eta itunduk hartu dute parte Vital Fundazioak eta Sidalavak abian jarritako programan.

Vital Fundazioak eta Hiesaren aurkako Arabako Batzordeak (Sidalavak) elkarlanean antolatutako Gazteen Artean-Hiesa eta sexualitatea ikasgela artean programak hogei urte bete ditu. 2000-2001 ikasturtean hasi zen, 14 ikastetxek hartu zuten parte, eta, gaur egun, Arabako kuadrilla guztietako 37 ikastetxe publiko eta itundutara iristen da urtero. "Helburua da modu zorrotz eta objektiboan informatzea antisorgailuei eta sexu-jokabide seguruei buruz, eta GIB bidezko infekzioaren prebentzioan erantzukizuna sustatzea", azaldu dute.

5.000 esku-hartze baino gehiago izan dira ikasgeletan; 14 eta 18 urte bitarteko 51.300 nerabe eta gaztek parte hartu dute; eta 55.000 preserbatibo baino gehiago banatu dituzte tailerretan. Era berean, 2009 eta 2021 artean, tresna terapeutiko gisa, 3.250 haurdunaldi-test eman dira, doan eta aurrez aurre.

Kontsultei dagokienez, %63k planifikatu gabeko haurdunaldiei, koitoaren osteko pilulari edo haurdunaldi-testaren eskaerari buruzko informazioa eskatu dute; %27k gai erotikoei eta bikotearen zailtasunei buruzkoa; eta %10ek sexu-transmisiozko infekzioei buruzkoa.

Programa horri esker, gazte gehienek hiesaren oinarrizko alderdiak ezagutzen dituzte, eta arrisku-praktikak, transmisio-bideak eta prebentzio-moduak bereizten dituzte. Hala ere, jarrerak aldatzeko "beharrezkoa da prebentziozko jokabidea gauzatzeko unean eragina duten gainerako faktore guztiak lantzea: ingurunearen erantzuna, baliabideen eskuragarritasuna, trebetasunak eta abar", arduradunek azaldu dutenez. Era berean, hiesari buruzko oinarrizko ezagutza egon arren, urteak igaro ahala, gazteen artean behera egiten duela antzeman da. Egindako saioetatik atera ahal izan diren ondorioen artean, honako hauek azpimarra daitezke: gazteek gehiago erabiliko lukete preserbatiboa, eskura izanez gero, "haien aisialdiko espazioetan eskaini behar da, eta arrazoizko prezio merkean"; preserbatiboa metodo antikontzeptibo gisa baloratzen dute gehienbat, eta neurri txikiagoan, ITG edo GIB baten aurreko prebentzio-metodo gisa; eta hiesari buruzko informazio ona dutenek onarpen handiagoa dute preserbatiboa prebentzio-metodo gisa erabiltzeari dagokionez.

Bestalde, ikasleengandik lor daitezkeen ondorioen artean, ikastetxearen barruan sexualitateari buruz naturaltasunez hausnartu ahal izateko esparru espezifiko baten eskaera nabarmentzen da; metodologia parte-hartzailea, atsegina eta dibertigarria duten programek jarrera irekia sortzen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide