TSK enpresak biomasa zentral termiko bat eraikiko du Boli Kostan

Juanma Gallego 2021ko eka. 28a, 11:11
Olio palmondoen soro bat. NAZARIZAL MOHAMMAD / UNSPLASH

Datorren irailean hasiko da proiektua, 156 milioi euroko inbertsioarekin. Nekazaritza hondakinak erreko dituzte energia sortzeko. 

Arabako Teknologia Parkean egoitza duen TSK enpresak 46 MW-ko biomasa zentrala eraikiko du Boli Kostan, Frantziako BIOVEA energie enpresak lizitatu duen kontratua eskuratu ondoren. 

Zentral termikoa Aboisso hirian kokatua egongo da, Abidjanetik 100 kilometro ingurura. Bertan, palmondo nekazaritzaren hondakinak erreko dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, horri esker, 1,7 milioi laguni argindarra eskainiko diete. Enpresak ohar batean ziurtatu du eraikitze lanetan 500 bat lanpostu sortuko direla, eta 1.000 bat lanpostu izango direla zentrala martxan dagoenean. "Lanpostuen %25 baino gehiago" Boli Kostako enpresei kontratatuko dizkietela aurreratu dute. 

Biomasaren erregaia "bertan landatutako palmondoen hostoen  hondakinetatik" datorrela esan du enpresak, eta "deforestazioari eta nekazaritza estentsiboari aurre egiten" lagunduko duela erantsi du. TSK-ren arabera, "nekazaritza praktika onak" sustatuko dituzte, "laborantza etekinak handituz". Ekonomia zirkular deiturikoaren baitan kokatu dute proiektua. 

Boli Kostako Energia Berriztagarrien Ekintza Plan Nazionalaren barruan dagoen proiektua da. Honen arabera, 2030. urterako, mix energetikoaren %42 "berriztagarria" izatea lortu nahi dute. Enpresaren arabera, proiektua Boli Kostako nekazaritza industria sektorearentzako lagungarria izango da, eta karbono dioxido isuriak "4,5 milioi tona inguru murriztuko" ditu. 

Halako proiektuek talde ekologisten kritikak jaso dituzte, karbonoan neutro gisa aurkezten direlako, eta baita berriztagarri gisa ere. Izan ere, egurra bezala, teknikoki energia berriztagarritzat har daitezke halako egitasmoak, erretako landareak berriz ere landatu daitezkeelako. Karbonoaren zikloari dagokionez ere, erregai fosiletan ez bezala, landareek bizitzan zehar hartutako karbonoa da atmosferara isurtzen dena. Horrek ez du esan nahi, halere, zentral horietan egiten den errekuntzatik karbono dioxidoa eta bestelako poluitzaileak askatzen ez direnik. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide