Goi tentsioko lineak egokitu eta hegaztiak babestuko ditu Arabak

Erredakzioa 2021ko eka. 14a, 11:00
Bonelli arranoa linea elektriko baten gainean. / Argazkia: AQUILA a-LIFE

Arabako Foru Aldundiak eta Iberdrolak hitzarmen bat sinatu dute goi tentsioko linea elektrikoak egokitzeko eta hegazti fauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko.

Astelehen honetan, Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak eta Jose Maria Grijalba Iberdrola taldeko i-DE enpresako eskualde zuzendariak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, Arabako biodibertsitatea eta natura ondarea elkarlanean babesteko datozen lau urteetan (beste lau urtez luzatzeko aukerarekin).

Lehen esku-hartzea linea elektrikoak egokitzea izango da, hegaztiek goi tentsioko lineetan talka egin ez dezaten eta elektrokutatu ez daitezen. Hain zuzen ere, bi horiek dira Arabako hegaztien heriotza ez-naturalen arrazoi nagusiak, askok linea elektrikoak erabiltzen dituztelako beren altueragatik, pausaleku edo begiztatzeko leku gisa.

Babestu gabeko goi tentsioko zutoinen ondorioak jasaten dituzten hegazti gehienak espezie endemikoak dira, eta haiek galtzeak kalte handia egiten dio lurraldearen biodibertsitateari. Horregatik, Aldundiak iaz abiatu zuen lankidetza kanpaina enpresa elektrikoekin, konponbideak bilatzeko asmoz.

Orain, sinatutako hitzarmen berriari esker, Aldundiak eta Iberdrolak laguntza emango dute euskarriak, transformadoreak eta bestelako instalazioak egokitzeko. Gainera, lurreko harien bidezko seinaleak jarriko dituzte babes eremuetan eta identifikatutako beste eremu arriskutsuetan, hegaztiek talka egin ez dezaten.

Horrekin batera, arriskuan dauden espezieak, habitatak eta naturaguneak babesteko eta kudeatzeko beste hainbat neurri adostu dituzte bi aldeek: besteak beste, linea elektrikoek kaltetutako hegaztiak identifikatu eta kontabilizatuko dituzte, pausatzea inhibitzeko ikerketa proiektuak egingo dituzte, eta arriskuan dauden espezieak zein intereseko habitatak ikertzeko azterlan edo proiektuetan lagunduko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide