Espazioak okupatzearen inguruko hausnarketa, Carolina Mattosen eskutik

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 17:56
Mattosen artelanetan aulkia da objektu nagusia. / Artgia

Ekainaren 27ra arte ikus daiteke artista argentinarraren erakusketa Artgia aretoan

Sobre la espera y ocupar espacios erakusketak Carolina Mattos artistak brodatuaren eta pinturaren teknikaren bidez egindako margolanak aurkezten ditu. Horietan guztietan, Mattosek aulkia aipatzen du, espazioak okupatzeko itxaronaldia sinbolizatzen duen objektu gisa. "Horietan baliagarri izan gaitezkeela uste dugun espazioak, gure ahotsek ezberdintasun bat sor dezaketela uste dugun espazioak, lagundu dezaketenak, gaizki irudikatuta ikusten ditugun espazioak edo, besterik gabe, hutsik daudenak".

Nahi izatearen eta ahal izatearen, ematearen eta jasotzearen edo hartzearen arteko dikotomia hori da artistak gizarteari kritika eginez lantzen duena: "Kontrako egoera gertatzen denean, eta azkenean lanpostu horiek bete ditzakegunean, hitza dugunean, nola berreskuratu hainbeste urtetako gaitzespenak eta axolagabekeriak gugan eragindako autoestima faltan?", galdetu du Mattosek. Ildo horretatik, artistak galdera hauek egin ditu: Zergatik ikusten ditugu hainbeste espazio huts eta ezin dugu horiek betetzeko urratsa egin? Lekua badago, baina nola egiten dugu benetan denok aktiboki parte hartu ahal izateko axola zaizkigun gauza eta espazioetan?

Carolina Mattosek (Buenos Aires, 1988) hiru urte daramatza Gasteizen bizitzen. Eszenografia ikasi zuen Escuela Metropolitana de Arte Dramático-n (EMAD) eta, gaur egun, batez ere freelance ilustrazioan eta arte zuzendaritzan aritzen da film labur, bideoklip eta argazkigintzan, baita bere lana ekoizten ere. Zeramika, grabatua, stop motion-a, 2D animazioa eta abarretako tailerrak egin ditu. Bordatzaile autodidakta da, eta denbora luzea darama ehun-arteaz, ehunen moldakortasunaz eta ehunak beste material batzuekin konbinazioak ikertzen.

Emart programa

Erakusketa Emart programaren barruan aurkeztu dute, artista arabarrak ikusarazteko eta laguntzeko programa. Alejandra Bueno (Gasteiz, 1987), Nefer Olaizola (Gasteiz, 1995), Carolina Mattos (Buenos Aires, 1988) eta Xialu Zurutuza (Hefei Anhui, Txina, 1997) izan dira 2021ean euren lanak garatzeko eta erakusteko aukeratu dituzten sortzaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide