AP-68 autobideko hobariak Laudio-Bilbo tartera zabalduko dira irailetik aurrera

Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 12:00

Arrankudiagako peajea. / GOOGLE MAPS

Hilean hamabost bidaia edo gehiago egiten dituzten herritarrek %60ko hobaria izango dute bidesariaren prezioan. Egunero Laudiotik Bilbora joateko AP-68 autobidea erabiltzen dutenek 554 euro inguru aurreztuko dituzte urtean.

Irailaren 1etik aurrera, AP-68 autobideko bidesariaren prezioan ohiko erabiltzaileentzako hobariak ezartzen dituen programa Laudio eta Bilbo arteko tartera zabalduko dute. Bilbon lan egiteko edo ikasteko errepide hori erabili ohi duten arabar guztientzat onuragarria izango da neurri hori, baina batez ere Laudion eta Aiaraldean bizi diren herritarrentzat.

Dekretu berriak bidesari hobariduna duten tarteak aldatu eta zabalduko ditu: gaur egun, programak Zanbrana eta Laudio arteko ibilbideetako erabiltzaileei ematen die hobaria. Irailaren 1etik aurrera, aldiz, Laudio eta Bilbo arteko ibilbideetako erabiltzaileek ere jaso ahal izango dute hobaria. Hau da, EAEtik igarotzen den AP-68 autobideko tarte osoak izango du hobaria; bai Araban eta baita Bizkaian ere.

Laudio eta Aiarako herritarrek hogei urtez egindako eskariari erantzungo dion neurria Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Blanca de la Peñak iragarri du astelehen honetan. Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian azpimarratu duenez, lana zein ikasketengatik joan-etorriak egiteko autobidea egunero erabili ohi duten lagunek 502 eta 554 euro artean aurreztuko dituzte urtean; gaur egun, 1.496 euro inguru behar dituzte bidesariak ordaintzeko, baina irailetik aurrera 994 euro ordainduko dituzte, gutxi gorabehera.

Gainerako baldintzak bere horretan mantenduko dira: partikularrek bidesariaren prezioaren %60ko hobaria izango dute (BEZa barne), betiere hilean gutxienez hamabost bidaia egiten badituzte (joan-etorri bakoitza bi bidaia bezala zenbatuta). Gainera, bizilekua Araban eta teleordainketa sistema bat izan beharko dute onuradunek.

Finantzaketa

Arabako Batzar Nagusiak ponentzian aztertzen ari dira nola finantzatu modu egokian Arabako gaitasun handiko bideen mantentzea, eta baita bide horien ohiko erabiltzaileentzako laguntzak ere. Lan horren ondorioen arabera erabakiko da AP-68 eta AP-1 autobideetarako hobarien egungo programen etorkizuna.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide