Berrogeita hamar adituk Arabako politika publikoak diseinatzen lagunduko dute

Erredakzioa 2021ko api. 22a, 17:15
Araba Helburu 'think tank'-aren aurkezpena, Azucarera eraikinean. / AFA

Ramiro Gonzalezek Araba Helburu izeneko think tank bat aurkeztu du. Prozesu partehartzaile baten bitartez, 50 bat adituk politika publikoak diseinatzen lagunduko dute, lurraldea "jasangarri, lehiakor, erreferente eta kohesionatu bihurtzeko".

Araba Helburu lankidetza proiektuaren lehen fasean 200 pertsona eta eragile inguruk parte hartu dute;  Arabako eragile sozialak, ekonomikoak, enpresarialak eta teknologikoak. Lehen emaitzak ostegun honetan aurkeztu ditu Ramiro Gonzalezek, Azucarera eraikinean. Ahaldun nagusiak iragarri duenez, hemendik aurrera 50 aditu inguruk osatutako think tank bat izango du alboan Aldundiak, Arabako politika publikoak diseinatzeko.

Helburu nagusi gisa, arreta berezia merezi duten lau esparru identifikatu dituzte: herritarrak, eko-lurraldea, eko-berrikuntza eta kogobernantza. Eta hiru premisa ditu ardatz: parte hartzea, gogoeta bateratua eta sorkuntza partekatua. "Lankidetza beharraren adibidea da, lehentasunak antolatzeko eta trantsizio prozesuak bultzatzeko, erronka handiak dituen ziurgabetasun une batean", azpimarratu du Gonzalezek.

2020 urtearen amaieran abiatu zen prozesua, Arabako hainbat sektoretako erreferenteekin egindako online kontsulta batekin. Parte hartze maila aipagarria lortu zen, eta lortutako emaitzei esker zehaztu dira lehentasunak. Guztira, hamabi erronka aurreikusi dituzte aipatutako esparruak eta premisak oinarri hartuta:

  1. I+G+B inbertsioa biderkatzea
  2. Digitalizazio prozesua bultzatzea
  3. Trantsizio energetikoa eta klima aldaketa
  4. Enpresa zirkularraren eredua orokortzea
  5. Lurralde kohesioa
  6. Lehen sektorearen balioa nabarmentzea
  7. Adineko pertsona aktiboak
  8. Talentua eta bikaintasuna
  9. Kultura sarbidea, gozamena eta sorkuntza
  10. Berdintasuna blindatzea
  11. Gizarte kohesioa indartzea
  12. Bizikidetza balio berriak zabaltzea

Think tank

Proiektu anbiziotsu honen hurrengo fasearen oinarria lehen fasean sortutako think tank horretatik abiatuko da, bertako zein kanpoko izen handiko pertsonak osatuta. Dinamika partehartzaileen bidez eztabaida sakon bat antolatu nahi da, lurraldeak dituen aukerei buruzko diagnostiko partekatu bat definitzeko.

Foru gobernu osoaz gain, Araba Helburu think tank-eko kide izateko gonbidapena onartu duten adituetako batzuk izan dira aurkezpenean:

  • Kepa Solaun: Energia Ekonomiarako Espainiako Elkarteko presidentea eta Ingurumen Ekonomiako irakaslea Nafarroako Unibertsitatean. Aditu eta ikertzaile ezaguna klima aldaketan, finantzaketa berdean eta energia berriztagarrian.
  • Mayte Sancho: Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen Batzorde Teknikoko kidea; zahartzearen arloko aditua.
  • Mikel Mancisidor: NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko lehendakariordea; Harreman Instituzionaletan doktorea.
  • David Mayoral: aitzindari teknologikoa robotika eta zibersegurtasunaren arloan. Bere lehen enpresa 21 urterekin sortu zuen, eta gaur egun Bostonen dago, bere proiektu berriarekin (Alias Robotics).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide