Arabako bide berdeentzat, azken urratsa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko api. 24a, 08:00

Hamaika bizikleta-bide proposatu ditu Aldundiak. AFA

Bost urteko tramitazioaren ostean, behin betiko onespena jasoko du aurten Arabako Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Arloko Lurralde Planak. Ibilbide berriak eta sare integratuagoa aurreikusten ditu.

Oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokituriko ibilbideak hobetzeko proiektuari ginga jarriko dio aurten Arabako Foru Aldundiak. Bost urte inguruko ibilbide luzea eta gero, Arabako Bizikleta-bideen eta Ibilbide Berdeen Arloko Lurralde Plana onartuko da, eta bide sare integral bati bide emango zaio.

Ibilbide berde berriak eta bizikleta-bide berriak jasotzen ditu planak, eta izendapen mota aldatzea ere aurreikusi du, hala nola "ibilbide handiak" edo "ibilbide berde osagarriak". "Hori guztia sare integratu bat egiteko proposamen gisa, nork bere burua osatuko duena eta beste garraiobide batzuekin sinergikoa izango dena, hala nola bitarteko publikoekin". Era berean, lurraldeko natura, paisaia, historia eta kultura ondareak aintzat hartuko ditu, eta ekologiarekin eta paisaiarekin lotura berreskuratzeko asmoa du Lurralde Planak, "ingurunera era adeitsuan hurbiltzeko eta gozatzeko erak sustatuta".

Ibilbide funtzionalak

Bizikleta-bideen eta Ibilbide Berdeen Arloko Lurralde Planak 2019an jaso zuen hasierako onespena, baina lurralde antolamendurako legedira egokitzeko beharrak eta administrazio desberdinen partetik –Eusko Jaurlaritzaren sailak, udalak, kontzejuak– egin diren proposamenak eta zuzenketak txertatu behar izateak luzatu dute prozesua. Halere, behin betiko plana eta horren Ingurumen Azterketa Estrategikoa jendaurrean daude, eta behin betiko onespena soilik falta da orain.

Sare bakar bat izatea aurreikusita dago, alegia bizikleta bideak eta oinezkoen ibilbideak integratuko dira eta eredu misto bat osatuko dute. Modu horretan, lurralde osoa estali nahi da, ibilbideak elkarren artean lotzeko aukera emanez. "Horrek ibilbide desberdinak hautatzeko aukera areagotzen du, lurraldea orekatzen du eta kuadrillen artean banaketa handiagoa lortzen du".

Bestalde, kasu bakoitzean aurreikusitako erabilerara egokitu behar da sarea. Bizikleta-bideek aurreikusitako helmugarekiko ahalik eta zuzenenak izan behar dute; gainerako ibilbideek, berriz, turismorako aurreikusitakoek ibilbide arinagoak izan ditzakete, eta zeharkatzen dituzten lekuez gozatzeko aukera ematen dute.

Gainera, garraio kolektiboko sistemekiko intermodalitatea bermatzeko beharra aipatzen du planak: "Proposatutako sareak garraio kolektiboko sistemekin (trenbide-geltokiak, autobus-geltokiak...) lotura erraztuko du". Horrela, bizikletaren eta garraio kolektiboaren erabileran oinarritutako desplazamendu-eredu iraunkorragoa lortu nahi da.

Hamaika bide

Gaur egun ez dago berariazko bizikleta-biderik Araban, baina egia da Ibilbide Berdeetako 220 kilometro inguru bizikleta-bide gisa ere erabiltzen direla. Diputazioak, 2003. urtean, bigarren mailako errepideak txirrindularientzat erabilgarri egiteko proposamena egin zuen, baina berez soilik lau kilometroko tarte txiki bat egokitu zuten, A-3002 errepidean, Gasteiz eta Landa artean, hiriburua Uribarri Ganboako urtegiarekin lotzeko.

Bada, plan berrian hamaika ibilbide gehiago proposatzen dira zehazki txirrindularientzako, guztira 37 kilometro inguru hartuko lituzketenak. Halaber, bizikleta bideekin lotutako azpiegitura garatzea aurreikusten da, hala nola bizikletentzako aparkalekuak, alokairu-guneak, eta abar.

Bide berdeen sareari dagokionez, guztira,48 ibilbide izatea aurreikusita dago Arabako Lurralde Planean. Horietatik 25 egokituta eta katalogatuta edo katalogatzeko zain daude egun, eta beste 23 hurrengo urteetan egokitzea aurreikusten da, guztira 248 kilometroko ibilbide berdeen sarea osatuz lurralde osoan.

Gaur egun, Arabako ibilbiderik erabiliena Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea da, urtean 330.000 bisitari jasotzen dituena; eta horren atzetik dago Uribarri-Ganboako urtegiaren ibilbidea 80.000 bisitarirekin.

Ibilbide berriak, zaharren gainean

Lehendik dauden bide-azpiegiturak erabiliko dira bide berriak egokitzeko, eta ezinbestekoa den tarteetan soilik sortuko dituzte berriak. Horrela, murriztu egiten da lurraldeari sortzen zaion kaltea.

Bizikleta-bideak:

  • Gasteiz-Miñaoko parke teknologikoa.
  • Urbina-Legutio.
  •  Gasteiz-Etxabarri-Ibiña.
  • Gasteiz-Langraiz Oka.
  •  Dulantzi-Burgu.
  • Agurain-Araia.
  • Amurrio-Arespalditza.
  • Ribabellosa-Miranda Ebro.
  • Bastida-Haro.
  • Guardia-Eltziego.
  • Oion-Logroño.

Ibilbide berdeak:

  • Izoriako ibaiko parkea.
  • Etxabarri-Ibiña-Gorbeia.
  • Gasteiz-Otobarren-Murgia.
  • Gasteiz-Zaldiaran.
  • Gasteiz-Arrieta.
  • Gasteiz-Okina.
  • Legarda-Amarita.
  • Gasteiz-Urduña (Badaiatik).
  • Dulantzi-Done Jakue Bidea.
  • Jatorrizko Done Jakue Bidea, Nafarroarekin lotura.
  • Ametzaga-Egilazko trikuharria-GR-25ekin lotura-GR-120rekin lotura.
  • Labrazako pinudia.
  • Bastida-Buradon Gatzaga.
  • Samaniego-Villabuena- Mañueta.
  • Fontecha-Espejo.
  • Espejo-Uribarri Gaubea.
  • Pobes-Gesaltza Añana.
  • Oleta-Otxandio.
  • Izarra-Bitoriano.
  • Izarra-Guiuriko ur-jauzira.
  • Urrunaga-Sabalain.
  • Betolaza-Buruaga.
  • Ibarra Aramaio-Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide