Sektore publiko osoko langileak grebara deituta daude gaur

Erredakzioa 2021ko api. 22a, 08:30

LAB sindikatuak kalejira-pikete informatiboa egin du gaur Gasteizen. / LAB

Sektore publikoan greba deitu dute ostegunerako EAEko sindikatuek, enplegua egonkortzea eta pribatizazioa gelditzea exijitzeko. Arabako mobilizazio nagusiak Gasteizen eta Aiaraldean deitu dituzte, "gehiegizko" zerbitzu minimoak salatuz.

Enplegu publikoa sortzea, aldi baterako enplegua finkatzea eta pribatizazio prozesua salatzea izango dira ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek sektore publiko osoan apirilaren 22rako deitutako grebaren aldarrikapen nagusiak. Ohartarazi dutenez, sektore publikoko 60.000 langile inguru kontratu finkorik gabe daude gaur egun, eta behin-behinekotasuna %40tik gorakoa da.

Langile publiko guztiak daude parte hartzera deituta, baina sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri dituela: besteak beste, zerbitzu minimoak %100ekoak izango dira Osakidetzan, Covid-19ari lotutako zereginetan; egoitza eta eguneko zentroetan ere, zuzeneko arretaren zerbitzuak %100ean mantenduko dira; ospitaleetan, larunbatetan izan ohi den lantaldeak bermatu beharko dira.

Arabako mobilizazio nagusiak Gasteizen eta Aiaraldean izango dira. 8:30ean, Aiaraldeko zerbitzu publikoetako langileak Tubacexek Amurrion duen lantegian egingo den elkartasun ekimenera deituta daude. 11:30ean, manifestazio bateratua abiatuko da Gasteizko Plaza Berritik. Arratsaldean, bi manifestazio irtengo dira Laudio eta Amurrioko herriko plazetatik.

Salbuespenezko neurriak

"Salbuespenezko egoera da, eta salbuespenezko neurriak behar dira", aldarrikatu dute sei sindikatuek, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko eta lan kargak murrizteko eta arautzeko beharra azpimarratuz. Arazo horiei aurre egiteko, negoziazio kolektiboa aktibatzea "ezinbestekoa" dela uste dute.

Kontratazioari dagokionez, "gehiegizko" behin-behinekotasunari amaiera ematea nahi dute. Horretarako, plantillen behar guztiak identifikatu, azaleratu eta horien arabera handitzeko exijitu dute, egungo egoerara itzultzea saihesteko mekanismoekin batera.

Instituzioei mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzeko eskatu diete, "nahikoak ez direlako, ez dutelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen, ezta aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzen ere". Zentzu horretan, EAEko erakunde guztiak interpelatu dituzte, "Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, baita erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere", arau-aldaketak bultzatzeko.

Azkenik, martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuetan kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak kontuan izatea eskatu dute. "Administrazioei pribatizazioen eta externalizazio politikekin amaitzeko eskatzen diegu; plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat ezinbestekoa dela uste dugu", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide