SEAri Arabako metalgintzaren hitzarmena negoziatzeko exijitu dio LABek

Erredakzioa 2021ko mar. 29a, 20:00

LAB sindikatuak Arabako metalgintzaren hitzarmena aldarrikatu du SEAren egoitzaren aurrean egindako ekintza ikusgarri batekin. Poliziak sindikatuko zazpi kide eta bertan zegoen kazetari bat identifikatu ditu.

Arabako metalgintzaren negoziazio mahaia urtebete baino gehiago darama bildu gabe, eta patronala "erabat desagertuta" dagoela salatu du LAB sindikatuak. Astelehen honetan, SEA Arabako Enpresarien bulegoetaraino eraman dute protesta. Buzo gorriekin jantzita, sindikatuko hainbat kidek ke potoak eta pankarta bat eskegi dute.

Sektoreak dituen arazoei erantzuteko "hitzarmen duin bat" negoziatu nahi du LABek, eta sindikatuaren ustez "funtsezkoak" diren eskakizunak plazaratu ditu:

  • Soldatak: gutxienez 1.200 euro garbi hilean, sektore osoan igoera ziurtatuz.
  • Lanaldia murriztu, lana banatzeko.
  • Prekarietatearen aurkako neurriak: ebentualitatea jaitsi, kontratetan subrogazioa bermatu, ABLEEak baztertu, formazio duala eta praktikak duindu, malgutasuna jaitsi eta baimenak hobetu.
  • Emakumeen diskriminazioaren aurkako "neurri eraginkorrak".
  • Lan osasuna bermatzeko neurriak: besteak beste, bajan egonda soldata ez galtzea, "are gutxiago lanekoak badira".

Prekarietatea eta diskriminazioa

LAB sindikatuak martxoaren 18an iragarri zuen Arabako metalgintza sektorearen aktibazioa bultzatuko duela, hitzarmenaren negoziazioa lortzeko. Sektoreko dozenaka ordezkari bildu ziren asanblada batean, eta ondoren eskainitako prentsaurrekoan.

Pandemiak eragindako arazoez gain, sektorearen egoera kezkagarria zen aurretik ere: soldaten batez bestekoa 1.000 eurokoa da, Hego Euskal Herri mailan   lanaldia altuena den arren (1.735 ordu urtean). Horrekin batera, malgutasun eta behin-behinekotasun handia bizi du sektoreak; LAB sindikatuaren datuen arabera, 2020ko kontratuen %93 inguru aldi baterako izan ziren.

Hori gutxi balitz, "prekarietatea eta diskriminazioa" nagusi direla salatu du LABek, batez ere azpikontratetan. Bi datu: alde batetik, sektorean 2.000 lan istripu inguru gertatzen dira urtero; bestalde, emakumeak sektoreko %20 baino gutxiago dira. 

"Soilik langileen mobilizazioaren bidez lortuko da sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen duin bat", ohartarazi zuten. Helburu horrekin, LAB sindikatuak martxoan eta apirilean zehar mobilizazioak eta ekimenak jarriko ditu martxan, langileen aktibazioa bilatuz.

Sektorearen aktibazioaren aldeko prentsaurrekoa, martxoaren 18an. / LAB

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide