Salburuko naturaren soinuak

Erredakzioa 2021eko martxoaren 22a

Carlos de Hita soinu-biltzaileak egindako lana entzun daiteke Atariaren webgune berrian.

Ataria naturaren interpretazio zentroaren webgune berrituak hezegunean hartutako soinuak entzuteko gonbitea egiten du, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren ekimenez, Carlos de Hita soinu-biltzaile ezagunaren eskutik.

Klik batean, edonor hel daiteke Salburuko ibaiertzeko baso bateko udaberriko egunsenti batera, eta urretxindorrak, urretxoriak, pagausoak, okil berdea, kukua edo belabeltzak entzun. Edo uretatik ateratzen ari diren basahate-saldoen karranka, palasta eta hegaldi-soinuak, neguko ilunabar batean.

"Grabazio zoragarri horiei esker, esperientzia paregabeak hurbildu ahal dizkiegu herritarrei etxeko egongelara. Eragiten duten erlaxazioaz gain, naturarekin bat egiteko aukera ematen digute audioek, Eraztun Berdeko faunaren soinuak ezagutzeko eta ikasteko aukera", nabarmendu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Ana Oregik.

Grabazioen egilea, Carlos de Hita, soinu-teknikaria da -ekoizpenean eta ekoizpen ondokoetan aritzen da-, naturako soinuetan espezializatua. Espainiako, Afrikako, Amazoniako eta Indiako faunaren ahotsak bilduak ditu bere soinu-artxiboan, baita jarduera tradizionalen soinuak eta iberiar penintsulako eta Kanarietako paisaia nagusietakoak ere. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago