NagusiLab, adinekoak zaintzeko sare komunitario baten hazia

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 18:10
NagusiLab proiektuaren aurkezpena. / AFA

Adinekoak zaintzeko sare komunitario bat sortzeko helburua du proiektuak, nahi izanez gero adinekoak beren etxeetan ahalik eta denbora gehien gera daitezen. Artehaziak Elkarteak sustatu du, Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesarekin.

Covid-19aren pandemiak adinekoen kolektiboa bereziki kolpatu du, baina Artehazia Kultura Berrikuntza, Arteak eta Gizartea Elkarteak sustatutako NagusiLab proiektuak harago joan nahi du, arreta eta zaintzarako sare sozial iraunkor bat sortuz. Egitasmoa gauzatu ahal izateko, Vital Fundazioaren Covid-19 laguntzak eta Arabako Diputazioaren diru laguntzak jaso dituzte.

Une honetan, hiru AuzoLab edo Berrikuntzarako Herri Laborategi lantzen ari dira, hainbat erronkaren inguruan: horietako bat etxebizitzak eta hiriak nolakoak izan behar diren aztertzea da, pertsonak euren etxean geratzeko aukera izan dezaten; beste batek adineko pertsonen inguruko jarrerak eta estereotipoak desagerraraztean jartzen du arreta; eta azken esparrua egungo ahulguneak aztertzea da.

Datorren apirilaren 15ean, lortutako emaitzak aurkeztuko zaizkie proiektuan parte hartzen ari diren pertsonei, eta orduan hasiko dira proiektuari benetako forma ematen, gutxienez hiru prototipo sortzeko.

"Nola bizi nahi dugu?"

"NagusiLabek erabakiak pertsonek beraiek har ditzatela nahi du; horregatik, ez dugu pentsatzen nola nahi dugun adinekoak bizitzea, baizik eta nola bizi nahi dugun guk geuk adin aurreratuetara iristen garenean", azaldu du Miren Martin Artehaziako proiektuen koordinatzaileak.

Emilio Sola Gizarte Politiken saileko foru diputatuak azpimarratu duenez, egitasmoa Etxean Bai Aldundiaren proiektu estrategikoaren ildotik doa: "Sasoi onean zahartzea eta zahartze arduratsua ahalbidetuko duen eredu bat prestatzen ari gara, pertsonentzat egokia. Pertsona gehienok etxean bertan zahartu nahi dugu".

Metodologia partehartzailea

Prozesuari eta, beraz, emaitzei ere, aparteko berezitasuna eskaintzen dien metodologia bat erabili dute. Alde batetik, herritarrek beraiek erronkak definitu dituzte. Horrekin batera, AuzoLab-ak elkarrekin sortzeko prozesu gisa pentsatuta daude; beraz, kulturaren eta sorkuntzaren mundutik datozen eragileak sartu dira. Azkenik, lan saio guztiak sormen aplikatuko oinarri artistiko eta kulturaleko dinamika eta tresnekin egin dira.

Abenduan abiatu zen prozesua, hamabost kidez osatutako talde sustatzaile baten eskutik: adinekoekin maila publikoan zein pribatuan lan egiten duten profesionalak, zaintzaileak, hainbat kolektibotako adinekoak eta sektorera bideratutako ekintzailetza proiektuak dituzten gazteak.

Talde horretan zehaztu ziren landu beharreko hiru erronkak, eta, orain, AuzoLab-etan garatzen ari dira. Arabako artistek eta sortzaileek zehaztutako metodologiekin: besteak beste, Thusia S. Koop. antzerki konpainia, Guk.estudio kolektiboa eta Marina Blazquez, esperientziak diseinatzen dituen arkitektoa.

Arlo zein jatorri ezberdinetako 30 pertsona inguru dabiltza lanean, Arabako egungo jendartearen ordezkaritza gisa: gerontologia espezialitatea ez duten osasun profesionalak, adinekoak eta gazteak, ikasleak, gizarte langileak, migratzaileak integratzen dituzten kolektiboak, desgaitasun fisikoa duten pertsonak, aldi berean zaintzaileak direnak, merkatariak...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide