'Bigarren bidea', artea eta pentsamendu feminista eskutik

Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 16:28
Azucena Vieitesen lana, 'Bigarren bidea' bilduman. / Artium

Euskal emakume artisten dokumentazio zentroa ere aurkeztu dute.

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, egitarau berezia antolatu du Artiumek, emakumeek praktika artistikoan duten presentziaren auziarekin loturiko hainbat alderdiri buruz gogoeta sustatzeko. Hala, Bigarren bidea aurkeztu dute. Zeru bat, hamaika bide erakusketaren baitan antolatuko den ibilbide sortako berria da, eta artearen eta pentsamendu feministaren arteko loturak oinarri izango dituena.

Gainera, Artiumek euskal emakume artisten eta praktika artistiko eta arte teoria feministen dokumentazio zentroa jarriko du abian: horri buruzko ikerketaren eta hainbat belaunalditako emakume artisten ekoizpenaren lagungarri izango diren iturri bibliografikoak eta dokumentazioa biltzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko gune espezializatu moduan. 

2018an, 2.400 artelan inguru biltzen dituen bildumaren azterketa bat egin zen, eta funtsetan artista emakume gutxi zeudela egiaztatu zen (% 20,8). Harrezkero, museoak ildo estrategiko bat ezarri du, artistak artearen historian (edo historietan) sartzearen alde egiten duena eta haien lanak ondarearen funtsezko zati direla nabarmentzen duena.

Bigarren Bidea-ren erako ekimenak bultzatzen dituen lan-ildo berri honen garapenean arte garaikidearen inguruko eztabaiden garapena bere testuinguruan ulertzeko funtsezkoak diren emakume artisten gordailuak eta erosketak sartu dira museoaren funtsen erakusketan. Besteak beste, Azucena Vieites, Estibaliz Sadaba, Ana Isabel Roman eta Lucia Onzain artisten lanak izango dira ikusgai Artiumeko aretoetan. Juana Cima artistaren horma-lan batek espazio zentral bat hartzen du erakusketan, Gasteizko Udalaren bildumatik datorren eta 1980an Pintura eta Eskulturako IV Bienalean saritutakoa.

Ibilbide berri horrekin batera, Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroa (Praktika artistiko eta artearen teoria feministak) aurkeztu dute, Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuari atxikitako gune espezializatua. "Proiektu horrek Museoaren ildo estrategiko bat indartzen du, parekotasunetik abiatuta lan egitea helburu duena", azaldu dute Artiumek arduradunek. "Zentro hori, gainera, bilduman dauden Euskal Herriko emakume artisten lanen artxibo dokumentala da, eta baita erakusketa-programen bidez elkarrizketak sortzen diren emakume artistena ere".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide