Eduardo Datori omenaldia egingo dio Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 13:07
Eduardo Datoren omenezko estatua, Florida parkean. / Alea

Omenaldiaren harira, kritikak egin dizkiote Udalari, besteak beste, Espainiako presidente gisa langile mugimenduaren aurka erabilitako errepresioa gogora ekarriz. Komando anarkista batek hil zuen Dato, 1921eko martxoaren 8an.

Madrilen hil zutela ehun urte bete direnean, omenaldia egingo dio Gasteizko Udalak Eduardo Datori. Udaletxeko harrera aretoan egingo dute ekitaldia igandean, 11:30ean. Coruñan jaioa (1856ko abuztuaren 1ean), 1921eko martxoaren 8an hil zen Pedro Mateu Cusido, Luis Nicolau Fort eta Ramon Casanellas Lluch anarkista katalanek egindako atentatu baten ondorioz. Autoan zihoala tirokatu zuten.

Politikari kontserbadorearen inguruan, hain zuzen, otsailean omenaldia egiteko proposamena egin zuen Vox alderdi ultraeskuindarrak, eta bertan behera utzi zuen Espainiako Kongresuak. EAJko diputatu Joseba Agirretxeak Eduardo Datok omenaldirik ez duela merezi esan zuen, besteak beste, 1919. urtean idatziriko Autonomi Estatutu proposamena atzera bota zuelako: "Espainiaren ikuspegi batetik, beharbada, omenaldia egiteko moduko pertsonaia da, baina euskal nazionalismoaren ikuspegi batetik ez".

Kritikak

Igandeko omenaldiaren harira, berehala iritsi dira kritikak; oraingoz, gehienak EH Bildutik. Besteak beste, Arabako EH Bilduko batzarkide Iñaki Ullibarrik salatu du: "Espainiako Kongresuak Dato omentzeko Vox-ek egindako proposamena atzera bota zuen bitartean, Gasteizen, Gorka Urtaranen eskutik, hau gertatzen da".

"Zentroko aurrerakoitasuna hauxe zen: Eduardo Dato omentzea Gasteizen, ultraeskuinak Madrilen eskatu bezala", idatzi du Alberto Porras Gasteizko EH Bilduko zinegotziak.

 

Nor zen Eduardo Dato?

Landerlandia txiolariak gogora ekarri duenez, besteak beste Gasteizko kale bati izena ematen dion Eduardo Dato Espainiako Gobernuko presidentea izan zen garai ez demokratiko batean. Besteak beste, bere agintaldian Kataluniako langileen mugimenduaren aurkako gerra zikina antolatu izana egozten zaio, Ihesei buruzko Legearen aplikazioan ezkutatutako krimen ugarirekin. Lege horrek exekuzio estrajudizialak ahalbidetu zituen, atxilotuen ihesa simulatuz.

Bere bizitzarekin amaitu zuen atentatua CNTko Kataluniako Lanaren Eskualdeko Konfederazioak (CRTC) hartu zuen bere gain. Bere militanteen aurkako jazarpena hasi arte, Kataluniako langileriaren %80 baino gehiago afiliatuta zegoen sindikatura.

1920an, Eduardo Dato presidenteak Severiano Martinez Anido jenerala Bartzelonako gobernadore zibil izendatu zuen. Martinez Anidok Kataluniako CNTko kide nagusiak ezabatzeko gerra zikin bat antolatzeari ekin zion orduan, Datoren onespenarekin. Gainera, CRTC sindikatua legez kanpo utzi zuten, ordura arte 500.000 afiliatu inguru zituen arren.

Urte amaieran, langile mugimenduak errepresio estrategia horren arduraduntzat jotzen zutenari eraso egitea erabaki zuen; hain zuzen ere, Eduardo Dato Espainiako Gobernuko presidentea hiltzea erabaki zuten. Magnizidioa 1921eko martxoaren 8an iritsi zen, Madrilen.

Prim jeneralaren (1870), Canovas del Castillo (1897) eta Canalejas (1912) presidenteen hilketen ostean, 1921ean, hildako Espainiako Gobernuko laugarren presidente bihurtu zen Eduardo Dato. Hurrengoa, 1973an, Carrero Blanco presidentea izan zen bosgarrena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide