Elizak 48 higiezin immatrikulatu zituen Araban 1998 eta 2015 artean

Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 12:26
Seminarioaren alokairuak 50.000 euro ematen dizkio urtero Elizbarrutiari. / BASOTXERRI

Eliza Katolikoak 1998tik 2015era bitartean egindako 34.961 immatrikulazioen zerrenda aurkeztu du Espainiako Gobernuak Kongresuan. Zerrendak Arabako 48 immatrikulazio utzi ditu agerian, tartean Seminarioa. Baina gehiago dira: 69 gutxienez, 1978tik.

Aznar Espainiako Gobernuko presidentea zen garaian PPk hipoteken legearen inguruan egindako erreforma baten babesean, Eliza Katolikoak ia 35.000 immatrikulazio egin zituen 1996 eta 2015 artean. Hau da, aldez aurretik jasota ez zeuden finka horien lehen inskripzioa egin zuen Jabetzaren Erregistroan.

PPk 1996an egindako hipoteken legearen erreformak ondasunak erregistratzeko aukera eman zion Elizari, Elizaren beraren ziurtagiri soil baten bidez. 2015eko beste erreforma batek aukera hori itxi egin zuen. 2017an, PSOEk legez besteko proposamen bat bultzatu zuen Espainiako Kongresuan, Mariano Rajoyren Gobernuari immatrikulazio horien zerrenda egiteko eskatzeko.

Orain, Espainiako Gobernuak zerrenda hori publiko egin eta jabetza horien immatrikulazioak erreklamatzeko atea ireki du. Administrazio publikoek zein partikularrek aurkeztu ahal izango dituzte erreklamazioak, egokitzat jotzen badute eta titulartasunari buruzko gatazkarik badago. Hala ere, PPren erreformari esker legezkoak izan zirela gogorarazi du Carmen Calvo Gobernuko presidenteordeak.

48 immatrikulazio Araban

Beste probintzia batzuekin alderatuta, Araban immatrikulazio gutxiago egin ziren, Elizaren jabetzetako asko jada erregistratuta zeudelako. Espainiako Gobernuak argitaratutako zerrendaren arabera, Gasteizko Elizbarrutiak eta kongregazioek 48 eraikin eta lursail erregistratu zituzten; horietako hamabi tenplu eta egoitza osagarriak ziren.

Azpimarragarrienak, euren garrantziagatik, Gasteizko Seminarioa, Gotzaindegiaren egoitza nagusia edo Urkide Ikastetxea lirateke, besteak beste. Baina honako hauek dira Espainiako Gobernuak argitaratutako zerrendan agertzen diren 48 jabetzak:

  1. Aiara. Maroño herria, Las Pasadas. Landa-lurra. Maroñoko San Pedro apostoluaren parrokia.
  2. Lezama. Larrinbe herria, Eleixale. Eliza. Larrinbeko San Pedro Apostoluaren Parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  3. Lezama. Baranbio herria, Garrastatxu. Landa-lurra. Barandioko Jasokundearen Parrokia.
  4. Lezama. Baranbio herria, Garrastatxu. Landa-lurra. Barandioko Jasokundearen Parrokia.
  5. Laudio. Areta auzoa. Eliza. Laudioko Santa Ana parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  6. Okondo. San Prudentzio ermita. Ermita. Okondoko San Roman parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  7. Urkabustaiz. San Jose eliza. Eliza. Izarrako Natibitatearen Parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  8. Gaubea. Acebedo herria, Vadillo. Landa-lurra. Acebedoko San Juan Bataiatzailearen parrokia.
  9. Gaubea. Villanueva herria, Nograro ibaia. Landa-lurra. Gaubeako Villanuevako San Julian Parrokia.
  10. Gaubea. Valluerca herria. Eliza. Valluercako Jasokundeko Andre Mariaren Parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  11. Gaubea. Tobillas herria. Eliza. Tobillasko San Roman Martiriaren parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  12. Valderejo. Lahoz herria. Eliza. Igitaiko Santiago Apostoluaren Parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  13. Valderejo. Erribera herria. Eliza. Erriberako San Esteban parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  14. Valderejo. Villamardones herria. Eliza. Villamardones Sortzez Garbiaren parrokia. Tenplua eta egoitza osagarria.
  15. Bernedo. Urarte. La Tobaren parajea. Landa-lurra. Urarteko Jasokundearen Parrokia.
  16. Lantziego. Viñaspre. El Ardechoko parajea. Landa-lurra. Viñaspreko Jasokundeko Andre Mariaren Parrokia.
  17. Gasteiz. Etxebizitza, eranskinekin. Gasteizko Gotzaindegia.
  18. Gasteiz. Familia bakarreko etxebizitza, 18 atxikita. San Viator klerigoen kongregazioa.
  19. Gasteiz: Karmeldar Ahizpa Misiolarien probintziako etxea. Zerbitzuen eraikina. Karmeldar Misiolarien Kongregazioa.
  20. Gasteiz. Etxebizitza, eranskinekin. Gasteizko San Pedro apostoluaren parrokia.
  21. Gasteiz. Morillas herria. Lehorreko lursaila. Subijana de Morillaseko Jasokundearen Parrokia.
  22. Gasteiz. Ursulinas - Urkide Ikastetxea. Zerbitzu-eraikina. Ursulinen kongregazioa.
  23. Langraiz Oka. Santa Engrazia. Lehorreko lursaila. Kristau Instrukzioko Anaiak Kongregazioa.
  24. Armiñon. Lehorreko lursaila. Karitateko Karmeldarren kongregazio erlijiosoa.
  25. Arrmiñon, El Arca gaina. Lehorreko lursaila. Karitateko Karmeldarren kongregazio erlijiosoa.
  26. Gasteiz. Gasteizko Gotzaindegiaren egoitza nagusia. Zerbitzuen eraikina. Gasteizko Gotzaindegiaren egoitza eta komentua. Gasteizko Gotzaindegia.
  27. Gasteiz. Etxebizitza, eranskinekin. Gasteizko Gotzaindegia.
  28. Gasteiz. Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioa. Gasteizko Gotzaindegia.
  29. Gasteiz. Seminarioari atxikitako frontoiak. Gasteizko Gotzaindegia.
  30. Gasteiz. Etxebizitza, eranskinekin. Gasteizko Gotzaindegia.
  31. Gasteiz. Etxebizitza, eranskinekin. Gasteizko Gotzaindegia.
  32. Harrobiak. Subijana de Morillaseko Jasokundearen Parrokia. Lehorra. Subijana de Morillaseko Jasokundearen Parrokia.
  33. Olabarri. Lehorreko finka. Olabarriko parrokia.
  34. Gasteiz. C letrako orubea, 8. poligonoa, San Martin. Eraiki gabeko lursaila. Gasteizko Gotzaindegia.
  35. Gasteiz, Ali. Eraiki gabeko lursaila. Gasteizko Gotzaindegia.
  36. Gasteiz, 3. garajea, C7B, Abendaño 21. Garajea. Gasteizko Gotzaindegia.
  37. Erriberagotia, Villambrosa. Labeak. Lehorra. Gasteizko Gotzaindegia.
  38. Lantaron, Komunioi. Etxebizitza: Gregorio Alonso kalea, 10. Landa-eremuko etxebizitza lursailarekin. Gasteizko Gotzaindegia.
  39. Gasteiz. Etxebizitza, eranskinekin. Gasteizko Gotzaindegia.
  40. Erriberagotia, Villabezana. Harrobiak. Lehorra. Gasteizko gotzaina.
  41. Gasteiz. Zabalganeko 2. Sektoreko lurzatia, 1. Eraiki gabeko lursaila. Gasteizko Gotzaindegia.
  42. Gasteiz. Landa-finka Argandoña herrian. Landa-lurra. Gasteizko gotzaina.
  43. Gasteiz. Argandoñako finka. Landa-lurra. Gasteizko gotzaina.
  44. Dulantzi. Santa Klara komentua. Arabako Alegriako Santa Klara komentuko Frantzisko Klaratarren Erlijio Komunitatea.
  45. Kanpezu. Orubea, 32. bizitegi-partzela. Atauriko Andre Mariaren parrokia.
  46. Kanpezu. Orbisoko finka, Nogango lurmuturra. Landa-lurra. Atauriko Andre Mariaren parrokia.
  47. Kanpezu. Santikurutze Kanpezuko finka, Gurutzeko gaina. Landa-lurra. Santikurutze Kanpezuko Herriko Jasokundearen Parrokia.
  48. Iruraiz-Gauna. Baratzea duen etxea Langarikan. Gasteizko Elizbarrutiko Gotzaindegia.

Immatrikulazio gehiago

Hala ere, Espainiako Gobernuak argitaratutako zerrendan Elizaren 21 jabetza falta dira, gutxienez. Eldiario.es hedabideak jaso duen 2016ko beste ikerketa baten arabera, Elizak Jaurlaritzaren txostenak islatzen dituenak baino 442 jabetza gehiago bereganatu zituen; guztira, 530. EAEn erregistratutako 88 immatrikulazio baino ez ditu jasotzen Espainiako Gobernuaren zerrendak.

2016an Eusko Legebiltzarrak jasotako dokumentazioaren arabera, Elizak 69 jabetza izan ditu Araban 1978. urtetik; horrekin batera, 387 jabetza izan dira Gipuzkoan eta 74 Bizkaian.

Eldiario.es Euskadik gogorarazi duenez, immatrikulazioak 1946an ezarri ziren, diktadura betean. Elizak ordain historiko gisa jaso zuen pribilegio hori, aurreko hamarkada eta mendeetako desamortizazioengatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide