Arabako egoitzetako txertaketari buruzko informazio falta onartu du Aldundiak

Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 11:04
91 urteko Consuelo Landak jaso zuen Arabako lehen txertoa, Ajuria egoitzan. / IREKIA

Lurraldeko egoitza eta zentroetako txertaketari buruz EH Bilduk egindako bost galderei modu berean erantzun die Foru Gobernuak: "Ez dago informazioa ateratzeko datu-baserik" edo "txertaketa-plana Osasun Sailaren eskumena da".

Arabako egoitzetako txertaketa ostegun honetan amaitzekoa da, baina Foru Gobernuak horren inguruko informaziorik ez duela onartu du, EH Bilduk egindako bost galderei emandako erantzunetan. EH Bilduko batzarkide taldearen ustez, "lotsagarria da Osakidetzak Foru Gobernuaren eskumeneko zentroetan egiten ari den prozesuari buruzko informaziorik ez izatea".

Guztira bost galdera egin dizkio EH Bilduk Aldundiari: lehenengoa, Araban adinekoei arreta ematen dieten baliabidetako txertaketa kanpainari buruzko informazioa eskatzeko; bigarrena, gaixotasuna mentala duten pertsonei arreta ematen dieten baliabideei buruzkoa; hirugarrena, desgaitasuna duten pertsonei arreta ematen dieten baliabideei buruzkoa; laugarrena, adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako langileei txertoa jartzeko kanpainari buruzkoa; bosgarrena, azkenik, adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitarioen txertaketari buruzkoa.

Emilio Sola Gizarte Politiken foru diputatuaren erantzunak bi izan dira: "Ez dugu eskatutako informazioa ateratzeko datu-baserik" edo "Covid-19 txertaketa-plana Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskumena da; beraz, erakunde honek ez du egutegirik diseinatzen".

"Nork du informazio hau?"

Finean, emandako bost erantzunetan, txertaketa planari buruzko informaziorik ez duela du Foru Gobernuak. "Lotsagarria da", adierazi du EH Bilduko batzarkide Claudia Venceslaok: "Foru Erakundeak ez du aurreikuspenik izan artatutako pertsonei eta zentro horietako profesionalei txertoa noiz jarriko zaien zehazteko", kritikatu du.

"Nork du informazio hau? Nor ari da kudeaketa pribatuko zentro horietan txertaketa prozesua kontrolatzen?", galdetu du Venceslaok.

Halaber, "gardentasun eta egiazkotasun garaia" dela uste du EH Bilduk. "Arabako gizarte-baliabideek, bai profesionalek, bai artatutako pertsonek, erantzukizunaren eta gogoaren irakaspena eman dute, eta txertaketa prozesuari buruzko informazio garrantzitsua izatea merezi dute. Horrek itxaropen eta lasaitasun pixka bat emango du, hilabeteak larritasunez eta beldurrez eman ondoren", adierazi du Venceslaok.

Horrenbestez, EH Bilduko batzarkide taldeak interpelazio bat erregistratu du astearte honetan bertan Gizarte Politiketako foru diputatu Emilio Solari zuzenduta, "Foru Aldundia oraingoz helarazi nahi izan ez dituen datuak ematen has dadin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide