Armentia-2 putzuari argi berdea eman diezaioke klima aldaketari buruzko lege proiektuak

Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 08:00
Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuaren sarrera. / ALEA

Equo Berdeak taldeak ohartarazi duenez, PSOEk eta Podemosek aurkeztutako Klima Aldaketaren Lege proiektuak "argi berdea" ematen dio Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuko gas erauzketari.

Ostegun honetan, PSOEk eta Podemosek bultzatutako Klima Aldaketaren Lege proiektuaren tramitazioa hasiko da Espainiako Kongresuan. Horren harira, Equo Berdeak taldeak ohartarazi du lege horrek ez lukeela Armentia-2 putzuko gas erauzketa debekatuko.

Oso kritiko agertu dira legearen "akats larri" horrekin: "Lege horrek klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta erregai fosilen eredu energetikoarekin amaitzeko balio beharko luke. Hala ere, proiektua ez da ausarta, eta kalte larria egiten dio Arabari", adierazi du alderdi berdeko bozeramaile Joserra Becerrak.

Izan ere, Becerrak azaldu duenez, hidrokarburoen esplorazioari, ikerketari eta ustiapenari dagokienez, lege proiektuak ez ditu geldiarazten une honetan martxan dauden ikerketa-proiektuak, hala nola SHESAk Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa zundatzeko duen proiektua.

"Arabako herritarren aurkako iraina da", Becerraren ustez. Izan ere, gogora ekarri duenez, PSOE eta Podemosen Arabako bozeramaileak Armentia-2 proiektuaren aurka daude, eta hala adierazi dute lurraldeko erakundeetan. "Bi alderdiek proiektu horri amaiera emateko aukera izan dutenean, bidea libre uzten diote, eta Araban gas-erauzketaren alde arautzen dute", deitoratu du.

Zuzenketa prestatzeko lanean

Egoera horren aurrean, Equo Berdeak taldeak iragarri du "erlojuaren kontra" lanean ari dela oposizioko hainbat talderekin, Armentia-2 proiektuarekin amaitzeko zuzenketa bat aurkezteko. "Zuzenketa horren bozketan ikusiko dugu PSOEk eta Podemosek Arabako herritarrekin duten konpromisoa noraino iristen den", ohartarazi du Becerrak.

Halaber, Equok gogorarazi duenez, Kongresuaren Berreraikuntza Sozial eta Ekonomikorako Batzordeak jada onartu zuen PSOE eta Podemosen botoekin, besteak beste "hidrokarburo fosilen aztarnategi berriak ikertzeko, esploratzeko eta ustiatzeko gobernu-programa guztiak ezabatzea, edo daudenak handitzea", Ines Sabanes Equo Verdeseko diputatuaren zuzenketa bati esker.

"Lege proiektua Kongresuaren borondatearekin kontraesanean dago; zentzugabea da", kritikatu du Becerrak. Azkenik, gogorarazi du une honetan proiektua gauzatzea eragozten duen elementu bakarra Gasteizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) dela. Hortaz, Gasteizek betoa jarri dio gasari, baina "Plan Orokorra ez da nahikoa Gasteiz mehatxurik gabe dagoela ziurtatzeko", ohartarazi du alderdi berdeak. "Ezinbestekoa da Klima Aldaketari buruzko Legeak horrelako proiektuei amaiera ematea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide