Legaireko tornadoaren eremua ikergai bihurtu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abe. 11a, 07:00

Legaireko ingurua 2019ko otsailean. ASIER HERRERO

Tornado batek Entziako Legaireko basoaren 40 hektarea txikitu zituen 2018an. Bada, Euskal Herrian ezohikoa den fenomeno metereologikoak bide eman du EHUko ikertzaileek basoaren erresilientzia aztertu dezaten. Hurrengo urteetan egingo dute hori.

2018ko ekainaren 4an tornado batek Legaireko pagadia txikitu zuen. 180 kilometro orduko haize boladak erregistratu ziren eta 40 hektarea erabat suntsitu zituzten, zuhaitz gehienak sustraietatik erauziz. Beste 30 hektareatan ere kalteak sortu zituen tornadoak, han-hemenka zuhaitzak kaltetuz. Urte bereko uztailean erabaki zuten Arabako Foru Aldundiak eta Entziako Partzoneriak EHUko ikertzaileei Legaireko basoaren lau hektareako eremua 25 urtez uztea. Helburua pagadiak bere egitura eta funtzioa berreskuratzeko duen gaitasuna neurtzea da, eta zehazki gaitasun horretan basoaren kudeaketak duen eragina aztertzea. Aurten, Legaireko basoko lau hektarea ikertzetik zortzi ikertzera pasatzeko baimena jaso du EHUko taldeak.

"Egurra ateratzeko lanek basoa nola kaltetu dezaketen aztertuko dugu"

Asier Herrero eta Nere Amaia Laskurain ikerlarien ekimenez martxan jarri da ikerketa. Gasteizko Farmazia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologiako Departamentuan lan egiten dute biek, eta tornadoaren ostean, aukera paregabea ikusi zuten aztertzeko nolako dinamikak suertatzen diren basoetan horrelako perturbazio bat jaso eta gero. Horrenbestez, Diputazioarekin harremanetan jarri ziren, ikerketa egin ahal izateko. Lehenengo momentu batean, Aldundia, Partzoneria eta ikerlariak lau hektareatan egur hila ez ateratzeko akordiora iritsi ziren. Orain akordioa zabaldu dute, aldameneko egur gabeko beste bi partzeletan ezer ez landatzeko.

Modu horretan, ikertzaileek basoaren kudeaketa desberdinak aztertu ahal izango dituzte, alegia egurra ateratzeak eta uzteak basoek berreskuratzeko duten gaitasun naturalean nola eragiten duten. Izan ere, baso ustiaketa tradizionalean ohikoa da suteak, muturreko lehorteak edo ezohiko fenomeno meteorologikoak gertatzen direnean egurra berehala ateratzea, egur hori aprobetxatzeko eta landaketa berriak egin ahal izateko. Hori da, hain zuzen, Legaireko basoaren portzentaje handi batean egin dutena.

Alde anitz aztergai

Baina egurra ateratzeko lanek inpaktu bat dute, Herreroren esanetan, "lurzorua eta biziraun duten zuhaitz-landareak kaltetu ditzaketelako". Aldiz, egur-hilak funtzio onuragarri asko betetzen ditu baso-ekosistemetan: "Egur hila elikagai iturria da artropodo eta onddo askorentzako, bizilekua eta ezkutalekua izan daiteke ornodun ugarirentzako, eta deskonposatu ahala lurra ongarritzen du biziraun duten eta ernetzen diren zuhaitz-landareen hazkuntza ahalbidetuz".

Finean, epe luzeko ikerketa horretan, Legaireko pagadiak bere egitura eta funtzioa berreskuratzeko duen gaitasunean bi kudeaketa eredu kontrajarrien –egurra ateratzea eta uztea– eragina aztertuko dute, eta alde desberdinak kontuan hartuko dira: zenbat pago-landare ernetzen diren; zenbat bizirauten duten eta hauek zenbat hazten diren ere neurtuko dute bi partzela desberdin horietan. Halaber, tornadoaren ostean biziraun zuten pago- landare eta pago helduen jarraipena egingo dute; eta belarjale ornodunek –batez ere, orkatzak– pago-landareetan sortutako kalteak ere neurtuko dituzte.

Bestalde, pago-landarea zein mikrohabitatetan hazten den hobekien ikusi nahi dute. Herrerok azaldu bezala, egur hilak mikrohabitat ugari desberdin sortzen ditu: enborren azpian, adar finen azpian, eta abar. "Eta hauetako batzuk uda garaiko lehorteen aurrean babesa eman dezakete, eguzkiaren erradiazioa gutxituz, tenperatura murrizten den bitartean hezetasuna hein batean mantenduz. Ornodun belarjaleen aurrean, babes mekanikoa ere eskaini diezaiekete pago-landareei".

Lurzorua izango da ikertuko duten beste elementu bat, lurzoruaren bilakaera zehazki, berebiziko garrantzia baitaukazuhaitzen hazkuntzan eta pagadiaren berreskuratze prozesuan. "Alde batetik, egurra ateratzeko lanek lurzorua nola kaltetu dezaketen, eta bestetik egur hilaren ongarritze gaitasuna aztertu nahi dugu. Horretarako lurzoruaren analisi desberdinak egingo ditugu momentu eta urte desberdinetan".

Klima aldaketa

Basoek berreskuratzeko duten gaitasuna lurzoruaren eta hazi- iturrien menpekoa da, baina baita klimaren menpekoa ere, eta kasu honetan klima aldaketak zeresana izango du ikerketaren emaitzan. "Hazi-iturrien aldetik ez dago arazorik, tornadoak suntsitutako eremua pagadiz inguratuta baitago, eta ziur aski ezkurrak tornadoak eragindako eremura helduko dira. Klima egokia da pagoaren garapenerako, baina udako lehorteak pago- landareen hazkuntza moteldu dezake eta urte lehorrenetan pago-landare asko hil daitezke lehortea dela eta. Klima aldaketak ez du laguntzen zentzu horretan, tenperatura igoerak baldintza lehorragoak ekarriko baititu prezipitazioa aldatzen ez bada".

"Tornadoek duten inpaktua kudeatzeko tresnak lortu nahi ditugu"

Azkenik, kudeaketa motak lurzoruaren efektua modulatu dezakeela uste dute EHUko ikertzaileek, egur hila materia organiko eta nutriente iturria baita, eta egurra ateratzeko lanek lurzorua kaltetu dezaketelako.

Tornado bat bezalako muturreko gertaera klimatiko baten ostean, basoen berreskuratze prozesua luzea da, eta horrek epe luzeko ikerketa eskatzen du. Hala ziurtatu du Herrerok. Gainera tornadoak ezohiko gertaerak direnez Euskal Herrian, ezjakintasun handia dago emaitzaren inguruan. "Hortaz, gure ikerketak gai honen inguruko ezagutza handitzea bermatuko du, eta etorkizuneko tornadoek basoetan izango duten inpaktuak kudeatzeko tresnak eta informazioa eskainiko dizkigu".

Hogeita bost urteko epea izango dute ikertzaileek lan egiteko. Lehen urratsa tornadoaren inpaktua aztertzea izan da. Hau da, tornadoak zenbat kalte sortu dituen neurtzea. "Botatako zuhaitzak eta zuhaitz bizietako kalteak kuantifikatu genituen. Ondoren, egur hila atera ondoren, biziraun zuten pago-landareen kuantifikazioa egin genuen bi partzela motatan –egur hilarekin eta egur gabeko partzeletan–. Mikro-gune desberdinen ugaritasunaren neurketa ere egin genuen. Lurzoru propietateen analisi batzuk ere egin ditugu bi partzela mota desberdinetan". Datu guzti horiek tornadoaren aurreko eta osteko lehen momentuko informazioa eskaintzen dute, beraz berebiziko garrantzia dute.

Kudeaketa motak uztartuz

Oraindik goiz da emaitzak aurreratzeko, baina espero bezala pago-landare gehiago topatu dituzte ikertzaileek egur hila duten partzeletan, egurra ateratzeko lanek aurretik zeuden pago- landareak kaltetu dituztelako. "Urte batzuk beharko ditugu pago-landare eta lurzoruaren dinamiken eboluzioa aztertu ahal izateko. Espero dugu ikerketaren emaitzek etorkizuneko tornadoek baso ekosistemetan duten eraginak era onenean kudeatzeko balioko dutela".

Basoen kudeaketa tradizionalak duen garrantzi ekonomikoa kontuan hartuta, egur hila mantentzearekin uztartzeko aukera irekitzen du ikerketak, emaitzek horretarako sostengua ematen badut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide