Erakusketa

'41 habitat eta gehiago', emakume artisten mundu txiki asko leiho handi batean

Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 18:00
'Itota', Edur Kortabarria ilustratzaile aramaioarraren lana. / BEREXIART.com

Uxue Bereziartua Lonbide Berexi Art aritstak 41 habitat eta gehiago online erakusketa inauguratu berri du. Hainbat emakume artista izan ditu bidelagun; besteak beste, Maider Alday eta Edur Kortabarria aramaioarrak.

"Hainbat artista emakumeren eskutik mundu txiki asko leiho handi batean" bistaratzeko helburuarekin, 41 habitat eta gehiago online erakusketa intimo bezain ederra inauguratu du Uxue Bereziartua Lonbidek aste honetan, Berexi Art webgunean.

Bereziartuak bidelagun ugari izan ditu erakusketa sortzeko. Adibidez, Aramaioko Maider Alday eta Edur Kortabarriak hartu dute parte beraien obrekin, Liebana Goñi, Estitxu Agirre, Sandra Urra, Berta Sanchez, Izas Arzuaga edo Juanitak bezalako artistekin batera.

Hilaren 1etik hasita, erakusketa abendu osoan zehar izango da ikusgai; doakoa da, eta mundu guztiarentzat eskuragarri. Gainera, jendearen harreraren arabera, urtarrilean zehar ere luzatzeko aukera aztertzen ari da Berexi Art.

Pandemiaren erdian, "barrura begiratzeko leiho bat" ireki nahi du erakusketak. Erakusketaren sustatzaileak azaldu duenez, "arteak eta artistek inoiz baino gehiago behar gaituzten honetan", lanak ikusteko aukeraz gain, erosteko aukera ere badago. Bakoitzak bere balioa jarri dio obrari; batzuk originalak dira, besteak laminak; baina denek ireki dituzte ateak norberaren habitatera.

Uxue Bereziartua Lonbide, Berexi Art (Hernani, 1996). / Argazkia: ARTgia

 

Emakume anitzak

41 habitat edo gehiago erakusketan diziplina artistiko ugari topatu daitezke, eta ilustrazioak, bideo esperimentalak, bertsoak eta argazkiak dira nagusi. "Obra biluziak dira, zintzoak, tranparik gabeak. Artista kolaboratzaileek euren barrenak atera dituzte arte adierazpide ezberdinen bitartez, eta gai ugari landu dituzte: tartean, amatasuna, tristura, gorputzak, edertasun kanonak… ezagutu duten edo ezagutu ez duten etxe eta habitatez aritu dira; barrenera begira eta barrenak askatuz", azaldu du Bereziartuak.

Artista kolaboratzaileen habitat horiek bidea irekitzen diete Bereziartuak irudikatu, marraztu, sortu eta gorpuztu dituen 38 emakumeei*. Emakume anitzak marraztu dituela, eta gorputz eta aukera beste ilustrazio bildu dituela dio artistak: "Kale jendetsuetan eseri eta paseoan batera eta bestera dabilen jendearen bizitzak irudikatzearen gisakoa da erakusketa ikustea; ilustrazioaren atzean dagoen emakumea irudikatzera garamatza: nolakoa den, zer duen gustuko, zeri dion beldurra, non bizi den, norekin…".

Beraz, bidaia bat da emakumeen gorputz biluzietara, beraien azal, ile, alu, zakil eta titietara. "Nolakoa da zure habitata?", horra hor Berexi Artek plantatu duen azken galdera. "Besteenak ezagutu eta irudikatu ondoren geureak marraztu, abestu, idatzi edo kameraz jasotzera gonbidatzen gaituena; artista izan edo ez, denok baitugu geure habitata, etxea, mikroklima, ekosistema".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide