Sidalava

Erantzukizun partekatua, Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunean

Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 11:21

Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Gaur inoiz baino gehiago: erantzukizun partekatua kanpaina aurkeztu du Sidalavak. Bideo bat plazaratu dute, eta egunean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Urtero bezala, abenduaren 1ean Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, eta Sidalava elkarteak Gaur inoiz baino gehiago: erantzukizun partekatua kanpaina plazaratu du. Besteak beste, 11:00etatik 14:00etara bitartean, photocall bat jarriko dute Andre Maria Zuriaren plazan, herritarrek argazki bat egin ahal izateko GIBarekin bizi diren pertsonekin elkartasunez; ondoren, argazki guztiekin bideo bat sortuko dute.

Horrez gain, Sidalavako lehendakari Angelines Ortiz de Arrizabaletak eta Jorge Loza elkarteko boluntarioak ekitaldi instituzionalean parte hartuko dute 12:00etan; lehenengoak ongi etorria emango die hurbiltzen diren lagunei, eta bigarrenak Gaur inoiz baino + izenburuko bakarrizketa-manifestua aurkeztuko du.

2019an, 147 kasu EAEn

Euskadiko HIESaren eta STIen Planaren datuen arabera, 2019an 147 infekzio berri diagnostikatu ziren EAEn.

Bitartean, Sidalavak ateak zabalik izan ditu konfinamendu garaian ere, baina pandemiak eragin nabarmena izan du Osasuna Sustatzeko Programan garatzen dituzten jarduera eta zerbitzuetan. Egoera berrira egokitzeko "lan handia" egin behar izan dute.

2020. urtean, elkartearen jarduera laburbiltzen duten datu ugari aurkeztu ditu Sidalavak. Hona hemen datu esanguratsuenak:

  • 50.000 kondoi inguru banatu zaizkie 4.463 pertsonari.
  • 271 GIB eta sifilis proba: GIBean emaitza positibo 1 eta sifilian 2.
  • 1.950 kontsulta erantzun dira, aurrez aurre edo telefono, whatsapp eta web bidez.
  • Gazteen artean programa: 2.150 gazte, 37 ikastetxe, whatsapp bidezko 480 kontsulta; azken horien ondorioz, aurrez aurreko 180 kontsulta iritsi dira.
  • Gayen artean programa: 9 bisita gay friendly 6 lokaletara; 5 eta 2 cruising gunetara, kondoien eta lubrifikatzaileen 2.500 banaketarekin; guztira 180 pertsona eta 6.550 kondoi.
  • Prostituzioan diharduten pertsonentzako gizarte arreta: 34.201 preserbatibo banatu zaie 400 laguni; 249 pertsona gizarte-laguntza programan, 667 laguntzailerekin; 438 pertsona kontaktatu dira klubetan, pisuetan eta kalean.
  • GIBa duten 58 pertsonari laguntza soziala.

40 urteko borroka

2021eko ekainean 40 urte beteko dira hiesaren munduko lehen kasuak atzeman zirenetik. Lau hamarkada hauetan, 75,7 milioi pertsona inguruk GIBak eragindako infekzioa hartu dute, eta 32,7 milioi pertsona hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz hil dira.

Sidalava elkarteak azaldu duenez, azken urteotan aurrera egin da Onusidaren 90-90-90 helburuak lortzeko bidean. 2019ko irailean, PrEP prestazio gisa sartu zen Osasun Sistema Nazionalean. 2018an, GIBari lotutako diskriminaziorik ezaren eta tratu berdintasunaren aldeko itun soziala sinatu zen, eta funtzio publikoan sartzeko GIBa duten pertsonen bazterketarekin amaitzea lortu da.

Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioak areagotu egin dira gizarteko sektore ahulenetan, eta egungo epidemiari emandako erantzunak lortutako lorpenetan "atzerakadarik eragin ez dezala" eskatu dute. Horretarako, guztion inplikazioa beharrezkoa dela uste dute: "Ezinbestekoa da oinarrizko baliabideetarako sarbidea bermatuko duten gizarte babeserako mekanismoak antolatzea, krisialdi hau berriz ere pertsona ahulenei eragin ez dakien", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide