Azaroak 25

Gazteak, kontrola eta lodifobia, Aldundiaren azaroaren 25erako kanpainaren jomugan

Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 19:06
Paula Fernandez eta Kai Nakai, Nerea Melgosa Berdintasunaren foru zuzendariarekin. / AFA

Kontrolaren eta lodifobiaren aurkako eta harreman sanoen aldeko mezuekin, azaroaren 25eko kanpaina protagonista gazteekin osatu du aurten Arabako Foru Aldundiak. Paula Fernandez influencerrak eta Kai Nakai musikariak hartu dute parte.

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna asteazken honetan ospatzen da, azaroaren 25ean, eta Arabako Foru Aldundiak "gazteekin eta gazteentzat" sortutako sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du. Musikaren hizkuntza unibertsala da kanpainaren ardatza, Aldundiaren ustez "gazteek beren sentimenduak aurkitzen eta erakusten" baitituzte bertan.

Horretarako, lau kartel sortu dituzte, Aske maite goiburupean gazte arabarrentzat oso ezagunak diren abestien pasarteekin; horien bitartez, kontrolaren zein lodifobiaren aurkako eta harreman sanoen aldeko mezuak zabaldu nahi izan dituzte. Gainera, adierazpen iraingarrien aurrean edo emakumea umiliatu edo kontrolatu nahi dutenen aurrean, ahalduntze mezuak nabarmendu dituzte.

Helburu horrekin, lau abesti erabili dituzte:

  • Izaroren Libre: "Bizi nahi dut libre, zure legeen kontra, zure usteen kontra".
  • Iekorako ETS taldearen Díselo ya: "Díselo, díselo ya, no está dispuesta. Díselo, díselo ya".
  • Kai Nakai reggaetoi abeslari feministaren Kolpe: "Nahi dudana jantzi, gaur lagunok hautsi behar dugu gaua erditik".
  • Valentziako Mafalda taldearen En guerra: "Cuánto ha de aguantar la mujer para que se le respete de una vez".

Gazteen erreferenteak

Kartel horietan lurraldeko gazteentzat erreferente diren bi gasteiztar agertzen dira: Paula Fernandez influencerra eta Kai Nakai reggatoi abeslari feminista. Biek parte hartu zuten iragan ostiralean Aldundiko jauregian egindako prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Arabako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren zuzendariarekin batera.

Aldundiak kanpainarako sortutako kartelak. / AFA

 

Datu kezkagarriak

"Pandemia modu desberdinean eragiten ari da emakumeengan eta gizonengan", azaldu du Nerea Melgosak, eta plazaratu dituen datuek erakusten dutenez, "emakumeak eta neskak krisialdi honen ondorio negatibo gehiago jasaten ari dira diskriminazioari, indarkeriari eta eskubide urraketari dagokienez".

Aldundiaren inkesta batean galdetutako gazteen %42k esan du jeloskortasuna ona zela; %44k adierazi du konfinamenduan bikotekideak zer egiten ari zen erakusteko eskatu ziola; %88k azaldu du ariketa fisikoa egiteko eta argaltzeko presioa sentitu zuela konfinamendu garaian; eta %56k baieztatu du ez dela ondo sentitzen udan gorputza erakusten.

Bitartekoak Araba osoan

Bereziki gazteei zuzendutako kanpainaren bitartekoak gazteengandik hurbilago dauden guneetan kokatu dira, hala nola sare sozialetan edo komunitate eremuetan. Gainera, kartelak banatu dira Arabako kuadrilletan eta udaletan, baita emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten eta indarkeria matxista desagerrarazteko borrokatzen duten erakundeetan ere.

Halaber, Melgosak nabarmendu du kanpainaren barruan Arabako kirol klub profesionalen inplikazioa; izan ere, minutu batez isilik egongo dira azaroaren 25etik hurbil jokatzen diren partiden hasieran.

Era berean, LAIAeskolak genero indarkeriaren aurkako sentsibilizazio ekimenak ugaritu ditu bere azaroko programazioan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide