Izan bidea

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidean, urrats berri bat

Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 16:21
'Izan bidea' dinamikaren manifestazioa Gasteizen, larunbat honetan. / SARE

Espetxe politika eta salbuespen legedia amaitzea eskatzeko ehunka mobilizazio egin dira larunbat honetan Hego Euskal Herrian. Araban ere, herriz herriko manifestazioak, elkarretaratzeak eta bizikleta martxak antolatu ditu Sare Herritarrak.

Bidean gara, bidean gaude lelopean, asteburu honetan, Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan mobilizazioak antolatu ditu Sare Herritarrak, salbuespenezko espetxe politikaren aurkako Izan Bidea dinamikaren barruan. Sarek maiatzean abiatu zuen sozializazio kanpaina berria, "preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko" eta "elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak" emateko asmoz.

Araban ere mobilizazio ugari egin dituzte. Gasteizen, bizikleta martxa bat abiatu da goizean, eta auzoz auzo igaro da, eguerdian Iparralde gizarte etxetik hasi den manifestazioarekin bat egin aurretik. Hiriburuaz gain, manifestazioak izan dira Aiaraldean, Añanan eta Dulantzin, besteak beste.

Salatu dutenez, espetxeetako egoerak okerrera egin du Covid-19aren ondorioz, preso dauden pertsonen kasuan, baina baita bisitara doazen senideen kasuan ere. "Ezin dugu errealitatea hori ahantzi ezta alboratu ere; horregatik batu gara gaur ere, guztion artean bidea egiteko, guztion artean oinarrizkoak, premiazkoak eta beharrezkoak diren pausuak eman daitezen", adierazi dute.

Zentzu horretan, "premiazko" sei eskaera plazaratu dituzte mobilizazioetan:

  • Larriki gaixo diren presoen kaleratzea.
  • Urrunketa politikari amaiera ematea.
  • Gradu-progresioa aplikatzea.
  • Zigorrak batzea.
  • Bakartuak diren emakume presoak elkartzea.
  • Salbuespen legedia bertan behera uztea eta lege arrunta ezartzea.

Mobilizazioak iruditan

Une historikoa

Azken hilabeteetan azpimarratu duten bezala, "une historiko baten aurrean" aurkitzen garela aldarrikatu du Sarek: "Batetik, Euskal Herrian salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioek gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dutelako; bestetik, bai Madrilen eta baita Parisen ere espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenengo aldiz", azaldu dute.

Eman diren urratsak, "arnasgune izanda ere, nahikoak ez" direla ohartarazi du Sarek, baina "aukera probesteko" beharra nabarmendu du. "Bultzada horretan gaude. Ehunka herri eta milaka herritar mugimenduan gabiltza asteburu honetan ere. Urratsez urrats, kilometroz kilometro, bidea gara eta bidean gaude! Eta bide berean jarraituko dugu urtarrilaren 9an ere".

Pandemiaren ondorioz, ezinezkoa izango da aurten urtarrileko ohiko manifestazioa egitea Bilbon, baina Sareren ustez, "berebiziko garrantzia" izango du urtarrilean batu ohi diren dozenaka mila pertsona horiek kalera irtetea, "konponbidearen aldeko mezua indar berberaz luzatzeko". Hortaz, herriz herriko mobilizazioak antolatuko dira urtarrilaren 9an, 17.30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide