Hesia jarri diote gurasoen alienazio sindromeari

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko aza. 22a, 08:00
Haurren eskubideak urratzen ari direla salatu du GASaren aurkako sareak. PEXELS STICKERPHOTO

Amei seme-alaben zaintza kentzeko erabili ohi da oinarri zientifikorik ez duen gurasoen alienazio sindromea (GAS). Haurren eta Familien zerbitzuetan figura hori behingoz baztertzea onartu berri dute Arabako Batzar Nagusietan aho batez. Sarea sortu dute egoera salatzeko.

Arabako Batzar Nagusiek aho batez onartu dute aurrerantzean foru administrazioaren Haurrentzako Zerbitzuan ez direla gurasoen alienazioaren sindromea (GAS) edo antzeko figurak erabiliko haurren zaintzaren inguruan erabakirik hartzeko. Are gehiago, talde politiko guztiek konpromisoa hartu dute "emakume gaiztoaren" mitoa oinarri duen ustezko sindrome hori jaso duten espedienteak banan-banan berrikusteko. Araban eratzen ari den ustezko sindrome horren aurkako erresistentzia sareak bultzatu du ekimena. Gai tabu honen inguruko isiltasuna eta ezjakintasuna "hausteko" lehen pausua eman, eta zenbait amaren eta seme-alaben egoera bere gordinean erakutsi dute. 

Bizitu elkarteko eta sareko kidea da Inma Mata. Azaldu duenez, oso hedatua dago adingabeen arreta zerbitzuetan eta epaitegietan ere gurasoen alienazioaren sindromea delakoa. "Arazoa da ez dutela onartzen, eta, horrenbestez, ez ditugu datu zehatzik; orain, Aldundiak kasuak berrikusten dituenean aukera izango du zenbatzeko". Estatuan, datu fidagarri bakarra CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2009. urtean argitaratu zuen azterketa batean jasotakoak dira: 2002tik izandako ebazpenak aztertuta, berrehundik gora kasu antzeman zituzten epaitegietan.

Oinarri zientifikorik ez

AEBetako Richard Gardner psikiatrak asmatu zuen sindromea, 1985ean, eta bikote banaketa baten aurrean edo haurrentzako zerbitzuetan tratu txarrak edo sexu erasoak aipatzen direnean aplikatu ohi da figura hori. Oinarrian esaten du haur batek gurasoetako batekin egoteari uko egiten badio, beste gurasoak manipulatu egin duelako dela. Eta, nola ez, kasu gehienetan ama jotzen da manipulatzailetzat. "Emakumeei buruzko estereotipoetan oinarritzen da sindromea", esan du Matak. 

Gainera, oinarri zientifiko eta medikorik gabeko teoria bat da. Osasunean eta buru nahasmenduetan erreferente diren erakundeek ez dute GASa onartu, OME Osasunaren Mundu Erakundeak uko egin dio gaixotasunen sailkapenean sartzeari, eta AEBetako Psikiatria Elkarteak ere ez du jasotzen.

Praktika zabaldua Euskal Herrian

Hala ere, Euskal Herriko epaitegietan oso praktika zabaldua da. Larria da batik bat salatu ez diren genero indarkeria edo sexu abusuak daudenean eta zaintza partekatua inposatzen denean. "Emakume askok ez dituzte tratu txarrak salatzen, eta azkenean banatzeko saiakera dagoenean, epaileak lehentasunez zaintza partekatua onartzen du". Sareak salatu duenez, bortizkeria kasuetan ohikoa da haurrek aitarekin joateari uko egitea; kasu horietan GASa aplikatzen ari dira epaileak, eta umea aitarekin egotera behartzen dute. Kasu batzuetan, amari zaintza ere kendu egin zaio umea "manipulatzen" duela argudiatuz.

2015. urtean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak EAEko Zaintza Partekatuaren Legea, eta egoera zuzendu baino are gehiago trabatu duela adierazi du Matak. Haren esanetan, zaintza partekatua ezartzen denean aldeen arteko gatazkak areagotu ohi dira, eta familien arteko elkarguneetan giroa are gehiago zapuzten da. "Gizarte zerbitzuak dauden moduan daude, prestakuntza nahikoa ez duen jendearekin egiten dugu topo, pribatizatuta daude zerbitzuak… Opusen esku dauden elkarguneak ditugu Bizkaian, esate baterako; eta Araban antzeman dugu banatutako aiten elkarteek kontrolatzen duen enpresa bat dagoela familia elkargune batzuen atzean. Izugarria da".

"Sistemaren hezurra ukitzen ari gara, oso gogorra izaten da emakumeentzat"

GASaren kontrako sareak salatu du aldundietako adingabeen zerbitzu hauek emakumeak "mehatxatzen" dituztela, eta familia epaitegietan bezala, sindrome horretan edo antzeko eufemismoetan –amaren interferentzia, adingabeen manipulazioa–  oinarritzen ari direla emakumeen salaketak auzian jartzeko eta umeen zaintzaren inguruan erabakitzeko. "Araban oraindik ere sindrome hori aplikatzen dute, eta gainera mehatxu egiten diete amei beren seme-alaben bisitak kenduko dizkietela".

Bestalde, Diputazioaren Haurren Zerbitzuan babesgabetasuna neurtzeko erabiltzen duten BALORA balorazio sisteman "zeharka" GASaren hainbat kontzeptu sartzen dituztela esan du Inma Matak: "Ama manipulatzailearen figura edo aitarekin harremanak saihesten saiatzen den amarena erabiltzen dute". 

"Niri gertatu zait"

2017. urtean, Idoiari (izena asmatua da, umea babesteko) haurraren zaintza kentzea eta aitari ematea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiaren Haurren eta Familiaren zerbitzuak. Sindromearen hainbat eufemismo baliatu zituzten erabakia hartzeko. Hala uste du, bederen, Idoiak: "Duela gutxira arte ez nuen terminoa ezagutzen, ez nekien gurasoen alienazioaren sindromea existitzen zenik ere; sare sozialetan hasi nintzen gaiari buruz irakurtzen, eta Bizkaian, Irune Costumerori gertatutakoa ezagutu nuen. Orduan konturatu nintzen niri gertatzen zitzaidana horixe bera zela".

"Guraso-agintea kenduko zidatela esanez mehatxatu ninduten" 

Hiru urte lehenago hasi zen ama horren kalbarioa. Bi urte zeramatzaten banaturik Idoiak eta umearen aitak, zaintza partekatuarekin, baina giro gatazkatsuan. Umeak bost urte zituenean, gau batean, aitaren inguruko pertsona batek "ukitzen zuela" kontatu zion amari. "Harrituta geratu nintzen, eta aitari esan nion: 'kontuz, babestu umea, oso gauza itsusia esan dit'. Zoratuta nengoela erantzun zuen". Eskolan ere bertako arduradunekin hitz egin zuen Idoiak, "baina paso egin zuten, ez zekiten nola kudeatu, babesgabe sentitzen nintzen".

 Azkenean, herriko gizarte langilearengan jo zuen Idoiak zer egin zezakeen jakiteko. "Orduan jakin izan banu nola erantzungo zuten ez nintzen joango; orain badakit sexu jazarpenak edo tratu txarrak salatzen baldin badituzu, GASa ezartzen dizutela; niri egin didate, ez hitz horrekin: leialtasun gatazka, manipulazioa, tratu txar emozionalak… Hitz horiek erabili dituzte euren txostenetan".Haurren eta Familien foru zerbitzuak 2015. urtean esku hartu zuen, eta bi urte ondoren umearen zaintza osoa aitari ematea erabaki zuten. Psikologoen eta foru zerbitzuko teknikarien txostenetan jasotzen da umea "arrisku larrian" dagoela amarekin, "tratu txar emozionala", "gurasoen gatazkaren baitako erabilera maltzurra" eta "umearen manipulazioa" aipatzen dituzte.

"Mehatxatu ninduten –esan du Idoiak–; esan zidaten guraso-agintea kenduko zidatela aitaren zaintza onartzen ez banuen". Behin behineko neurria hiru urtez luzatu da. Tarte horretan Idoiak astean soilik bi aldiz ikusi du umea, betiere foru zerbitzuko langile baten zaintzapean. "Babesa behar nuen eta eskatu nuen, pentsatuz lagunduko zidatela; inozoa izan naiz".

Eskaera, Eusko Jaurlaritzara

Idoiarena bezalako kasu ugari artatzen dituzte haurren eta familien foru zerbitzuek. GASaren kontrako saretik nabarmendu dutenez, lan handia da horrelako bizipenak jakitera ematea eta aldundien aldetik sindromean oinarriturik ematen ari diren ebazpenak salatzea. "Oso gogorra da, sistemaren hezurra ukitzen ari gara; emakumeen beldurrarekin jokatzen dute, presionatzen dituzte". Gainera, gaiaren inguruan kontzientzia sortzea oso zaila dela esan du Matak. "Seme-alaba kendu dioten ama bati buruz gizarteak ez du ezertxo ere jakin nahi, mesfidantza handia dago emakume hauekiko, oso bakarrik sentitzen dira". 

Halere, pozik daude GASaren kontrako sareko kideak. Dagoeneko hiru lurraldetako batzar nagusietan sindromearen erabilera baztertzeko akordioa onartu dute eta pixkanaka sarea ehuntzen ari da. Orain, Eusko Jaurlaritzara zabaldu nahi dute akordioa, adingabeen arretan eta babesean balorazio-irizpideak berrikusteko eta alor horretan ere genero ikuspegia txertatzeko. 

Sarearekin harremanetan jartzeko redcontraelsap@gmail.com helbidea erabili dezakete emakumeek

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide