Greba

Zaintza profesionalizatua publikoa izan behar dela aldarrikatu du ELAk

Erredakzioa 2020ko aza. 18a, 09:31
Gasteizko mobilizazio nagusia, Andre Maria Zuriaren plazan. / ELA SINDIKATUA

Astearte honetan, milaka langilek parte hartu dute Hego Euskal Herriko zaintza profesionalen sektoreetan ELA sindikatuak deitutako greba eta mobilizazioetan.

Egoitzetako, eguneko zentroetako, adinekoentzako zentroetako eta etxez etxeko laguntzako langileak zaintza grebara deituta zeuden astearte honetan, azaroaren 17an.

ELA sindikatuak "gehiegizkotzat" jo zituen Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak, ezin izan baitzuten grebara joan ez erizain laguntzailerik, ez garbitzailerik, ez erizainik, ez medikurik, ez gizarte hezitzailerik, ez gizarte integratzailerik.

Arabaren kasuan, mobilizazio nagusia 11:30ean izan zen, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Gaur egun, adinekoen, mendekotasun egoeran dauden, baztertuta dauden edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen "zaintza integralik ez" dagoela salatu zuten bertan. ELAren arabera, beharrizan horiek "gero eta baliabide gehiago" behar dituzte.

Zaintza sistema publikoa

Mobilizazioetan, zaintza profesionalizatuak "publikoak, duinak, unibertsalak eta doakoak" izan behar direla aldarrikatu dute sektoreko langileek: "Greba honek aldaketa historikoa bultzatu behar du sektorean, lehentasun politiko handiena izango duen zaintza publikoen sistema bihurtzeko".

Horrekin lotuta, hainbat aldarrikapen zehatz plazaratu ditu ELA sindikatuak sistema berri hori lortzeko:

  • Langile guztiak publikoak izango diren sistema bermatzea: "Azpikontratazioaren eta behin-behinekotasunaren gaitza bizi izan duten langile guztion subrogazioa eta finkotasuna".
  • Plantilla zabalak eta "hurbileko eta goxoa" den zaintza bermatzea, "zaintza behar duten pertsonak modu duin eta integralean artatuak izan daitezen bizitzako ziklo guztietan, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte".
  • Lan baldintza duinak, "hilabete amaierara iristea ahalbidetuz eta zainketen balio soziala zein produktiboa aitortuz".
  • Genero arrakala ezabatzeko "benetako neurriak".
  • Laneko osasuna bermatzeko "neurri eraginkorrak, bereziki arrisku psikosozialen prebentzioa".
  • Langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat, "pandemiaren ondorio larriak, neurri batean behintzat, arintzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide