EH Bilduk "ezohiko une baterako ezohiko akordioa" proposatu du aurrekontuei begira

Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 12:41
Kike Fernandez de Pinedo, EH Bilduko bozeramailea Batzar Nagusietan. / EH BILDU ARABA

EH Bilduk "ezohiko une batean eman beharreko ezohiko akordio bat" proposatu dio Foru Gobernuari, aste honetatik aurrera eztabaidatzen hasiko diren Arabako aurrekontuei begira. Inbertsioa 50 milioi euro handitzea proposatu dute.

Aurrekontuei begira Foru Gobernuari "eskua luzatu eta ezohiko akordio bat eskaintzeko" agerraldia egin du EH Bilduk astearte honetan. "Larrialdi egoeran gaude, eta, beraz, Arabak larrialdi aurrekontuak behar ditu; jendea babestuko duen akordio bat behar dugu, Arabak behar duen birmoldaketa eraikitzen hasiko den akordio bat", adierazi du batzarkide talde subiranistaren bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok.

Ildo horretan, "inbertsio ahalegin berezia" eskatu dio Foru Gobernuari, 2021erako aurrekontua 2020koa 518 milioi eurokoa baino handiagoa izan dadin; zehazki, "premiazko beharrei heltzeko", 50 milioi euro inguru hazi beharko litzatekeela uste du EH Bilduk.

Fernandez de Pinedok azpimarratu duenez, egin daitekeen "gauza bakarra" partida batzuk murriztea da, beste batzuk handitu ahal izateko. Horretarako, EH Bilduk hainbat proposamen helarazi dizkio Foru Gobernuari:

  • 2020ko aurrekontuan jasotzen ziren inbertsio atzeragarriak bertan behera uztea: 7 milioi euro.
  • 2021eko aurrekontuan interesen ordainketa kentzea: 8,8 milioi euro baino gehiago.
  • Diputazioko gerakinaren erdia erabiltzea: Diputatu Nagusiak 50 milioi eurotan zenbatetsi zuen.
  • Diru-bilketa handitzea: EH Bilduren ustez, aukerak daude 20 milioi eurotan handitzeko, eta horietatik laurden bat Aldundiarentzat izango litzateke.
  • 2019ko ekitaldirako baimendutako zorra handitzea, beharrezkoa balitz: 90 milioi euroraino irits daitekeela uste du EH Bilduk.

Lau ardatz

2021eko aurrekontuetan indartzeko lau ardatz nagusi proposatu ditu EH Bilduk: zaintza eta babesa, sare ekonomikoaren erresilientzia, birmoldaketa ekologikoa eta tokiko autonomiaren sustapena.

Alde batetik, pertsonak zaintzeko eta babesteko 8 milioi euroko funts bat eskatu diote Ahaldun Nagusiari, "Gizarte Politikak indartu, hobetu eta orientatzeko". Zehazki, Adinekoen eta Desgaitasunaren arloetara atxikitako langileen %15 "berehala" indartzea eskatu dute: erizainak, erizain laguntzaileak, gizarte-langileak eta begiraleak. Gainera, horren barruan, San Prudentzio Adinekoei Laguntzeko Zentro Integralaren 50 plaza publiko, desgaitasuna duten gazteentzako beste 10, jokabide-arazoak dituzten gazteentzako zentro berri bat eta gizarte bazterketako 20 plaza sortuko lirateke.

Bestalde, sare ekonomikoaren erresilientzia indartzeko 15 milioi euro behar direla uste du EH Bilduk, "enplegua mantentzeko, defendatzeko eta sortzeko, arreta berezia jarriz krisiak bereziki kaltetutako sektoreetan: autonomoak, ETEak, kultura eta ostalaritza". Pandemiaren ondorioz gelditzera behartuta dauden lanpostuak eta negozioak mantentzeko zuzeneko laguntzen funtsa litzateke, eta, bozeramaileak azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak proportzio egokian inplikatu beharko litzateke".

Hirugarrenik, ehun ekonomikoaren birmoldaketa ekologikorako 10 milioi euro proposatu ditu EH Bilduk,"eredu sozioekonomiko, energetiko eta ekologiko berri bateranzko trantsiziorako".

Azkenik, tokiko autonomia sustatzeko beharra azpimarratu du Fernandez de Pinedok, "toki erakundeek krisiari aurre egiteko duten gaitasuna indartzeko". Horretarako, eskura dagoen gehieneko kredituaren %50 erabiltzea proposatu dute; izan ere, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsetik (TEFFF) banatu beharreko baldintzarik gabeko finantzazio egokia bermatzeko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren ondorioz, aukera hori zabalik dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide