San Pedro mendiko indusketak abiatu dituzte berriz

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 10:00
San Pedro mendiko indusketak abiatu dituzte berriz. AIARALDEA.EUS

2016an hasi zen lanaren lehenengo faseari amaiera emango dion indusketaren laugarren kanpaina da.

Josu Santamarina Otaolak (EHU) zuzendutako arkeologia taldeak berriro ekin dio Berazako San Pedro mendian, Amurrio eta Urduña artean, egon zen Espainiako Gerrako euskal frontea ikertzeari. Lehen fase honetako laugarren eta azken kanpaina da, eta, gainera, oinezko ibilbide bat egokitzea ere jasoko du.

Berazako San Pedroko lanak 2016an hasi ziren, eta helburua mendian prospekzioak egitea izan da, ondoren gerrako eraikuntza guztiak topografiaren ikuspegitik aztertzeko eta mapetan jasotzeko, baina baita lau bunker eta ehun metro lubaki eta babesleku baino gehiago induskatzea ere. Indusketa horiei esker, xehetasun handiz ezagutu ahal izan dira fronteko eguneroko bizitza eta bertan izandako borrokak. Aurtengo indusketek are gehiago sakondu nahi dute horretan.

Indusketa proiektuarekin batera, Berazako San Pedro inguruaren balioa azpimarratu nahi da, eta bi kilometro inguruko oinezko ibilbidea egingo da, herritarrek ingurune horretaz gozatu ahal izan dezaten. Memoriaren Ibilbidea sortuko da, informazio panelak jarriz bisitariek egindako indusketa kanpainetan jasotako informazio guztia ezagutzeko aukera izan dezaten.

Aurten, Covid-19a dela eta, ezin izango dira aurreko urteetan bezala hitzaldiak, tailerrak eta bisita gidatuak egin, baina azaroaren 9an amaituko diren indusketak ezagutzeko interesa duen edonori arreta emango zaio. Hurbildu nahi duten pertsonek txandaka egin beharko dute, eta ezarritako segurtasun neurriak betez.

Lan arkeologikoek Amurrioko eta Urduñako Udalen finantzaketa dute aurten ere, eta baita Aztarna Etnografia Elkartearen eta Aloriako, Lezamako eta Uzkioko kontzejuen tokiko laguntza ere. Gainera, Gogoraren, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, laguntza ere badute.

Milatik gora pieza

2016., 2017. eta 2018. urteetako kanpainetan egindako indusketei esker, funtsezko piezak aurkitu ahal izan dira, lanak egiten ari diren eremua zehaztasun osoz datatzen laguntzeko. Indusketa bakoitzean 1.000 pieza arkeologiko baino gehiago dokumentatu dira, eta gero banan-banan eta zehatz-mehatz aztertu dira.

2016an eta 2017an, besteak beste Estatu Batuetatik, Mexikotik, Frantziatik, Alemaniatik, Txekoslovakiatik edo Britainia Handitik ehunka bala-zorro aurkitu dira. Era berean, izaera zibileko aurkikuntzak ere izan dira, txanponak eta Gasteizko La Esperanza Kontsumo Kooperatibaren hamar zentimoko txapa bat, adibidez.

Egindako kanpainetako aurkikuntzarik harrigarrienetako bat Euskadi egunkariaren, Euzko Alderdi Jeltzalearen garai hartako kazetaren, ale bat izan da. Paper zati batzuk aurkitu ziren, eta, zaharberritu ondoren, 1937ko maiatzaren 5eko ale bat zela identifikatu ahal izan zen. Bestalde, 2018an, Manuel Mogrovejo Arnaiz milizianoaren historia berreskuratu ahal zen; izan ere, Zornotzako gaztea identifikatzen zuen plaka aurkitu zuten. San Pedron borrokatu zen, eta geroago nazien holokaustoa pairatu zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide