Gida praktikoa

Eskola kirolari irailaren 28an berrekingo dio Arabak

Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 14:00
Arabako Judo Federazioko gaztetxoen topaketa, 2020ko martxoan. / JUDOARABA

Datorren astelehenean hasiko da Arabako eskola kirola. Oraingoz ez da lehiaketarik izango, eta entrenamenduetan kontaktu fisikoa mugatu beharko da, beste irizpide batzuen artean.

Arabako Foru Aldundiak argi berdea eman dio eskola kirolari, eta, momentuz entrenamenduetara mugatuko bada ere, egoera epidemiologikoak hobera egiten duen heinean, lehiaketei berriro ekitea planteatuko da. Ordura arte, ezin izango da partidarik, txapelketarik, topaketarik edo antzekorik egin.

Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak 2020-2021eko Eskola Kiroleko Programaren inguruko jarraibideak eman dizkie Arabako kirol federezioei, bideokonferentzia bidezko bilera batean; federazio bakoitzak kirol modalitate bakoitzaren protokolo espezifikoa egiten lagundu du.

Izan ere, irailaren 2an, Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Covid-19aren aurrean jarduteko arau orokorrak bidali zizkien kirol erakundeei. Arau horiek Eskola Kirolaren Euskal Batzordean adostu dituzte hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, 2020-2021 denboraldirako.

Noiz hasiko da eskola kirola?

  • Irailaren 28tik aurrera.
  • Soilik izena emateko baldintzak betetzen dituzten erakundeak.
  • Administrazio prozesua ez da atzeratu: izen emateak irailaren 7an hasi ziren; erakundeek baldintzak betetzen dituztenean, kirolariak inskribatuko dira, eta hasteko baimena emango zaie.
  • Oraingoz, soilik entrenamenduak.
  • Ez da lehiaketarik izango: ez lagunarteko partidarik, ez txapelketarik, ez topaketarik, ezta antzekorik ere.
  • Egoera epidemiologikoaren arabera, lehiaketei berriro ekitea aztertuko da.

Nolakoak izango dira entrenamenduak?

  • Kontaktu fisikoa mugatuta egin beharko dira.
  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, uneoro, kirola egiten denean izan ezik.
  • Gutxieneko segurtasun tartea utzi beharko da, ahal den guztietan, kirol jarduera egiten den bitartean.
  • Entrenamenduen sarrera eta irteeretan, pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izan beharko da.
  • Ezingo da ikuslerik izan; hau da, ateak itxita egin beharko dira.
  • Ezingo dira aldagelak erabili, jarduera dela eta derrigorrezkoa ez bada igeriketan, adibidez.
  • Praktikan, entrenamenduak burbuila-talde egonkorretan egingo dira.
  • Diziplina bakoitzari egokitutako protokoloak egongo dira.
  • Talde ezberdinen arteko interakziorik gabe.
  • Entrenamendu fisikoak aire zabalean egitea lehenetsiko da.
  • Ezarritako edukiera errespetatu behar da, gehienezko taldekide kopuruari dagokionez.
  • Entrenamendu-txanden artean garbitu eta desinfektatu egin behar da.
  • Banakako entrenamenduei dagokionez batez ere prestakuntza fisikora eta lesioen prebentziora bideratuak: pixkanaka talde txikiak edo postu espezifikoen araberako entrenamenduak egin ahal izango dira, eta, azkenik, talde osoa integratu ahal izango da, taldeko kirolen kasuan.
  • Materiala partekatuz gero, higiene eta garbiketa neurriak aplikatu beharko dira.

Zeintzuk izango dira Covid-19aren aurreko arau orokorrak?

  • Erakunde guztiek Covid-19aren aurka jarduteko protokolo bat izan behar dute.
  • Osasun arduradun bat izendatu behar dute erakunde bakoitzean, protokoloa betetzen dela bermatzeko.
  • Parte hartzaile guztiek arduradunak, teknikariak, familiak eta tutoreak protokoloa onartzeko akordioa aurkeztu behar dute.
  • Covid-19a prebenitzeari eta segurtasunari buruzko doako online ikastaro bat egin behar izan dute begirale, entrenatzaile edota taldeen ordezkari guztiek; Araban, 978 pertsonak hartu dute parte, momentuz.

Nola erabiliko da eskola garraioa?

Arabako Foru Aldundia da eskola partaideei garraioa eskaintzen dien erakunde bakarra, bai entrenamenduetan, bai lehiaketetan; hortaz, hainbat gomendio eman ditu, joan-etorrietan kontuan hartzeko:

  • Maskara uneoro erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
  • Kirolariek autobusean eserleku finkoak izatea.
  • Bizikidetza-talde bateko kideak gertuko eserlekuetan egotea.
  • Autobus bakoitzean garraiatzen diren haurren zerrenda osatzea eta euren lekua markatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide